HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 5

Aldi hartan, Jesus Galileako Kafarnaum hirira jaitsi zen, eta larunbatetan jendeari irakasten zion. Txunditurik zegoen jendea haren irakaspenaz, nagusitasunez hitz egiten baitzuen. Bazen sinagogan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat, eta oihu bizian hau zioen: «Zer duk gurekin, Jesus Nazaretarra? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua». Jesusek gogor eraso zion: «Isil hadi eta atera gizon horrengandik!». Deabruak jendartean lurrera bota zuen gizona, baina batere kalterik egin gabe atera zen harengandik. Ikaraturik gelditu ziren denak, elkarri galdezka: «Zer da hau? Nagusitasunez eta indarrez agintzen die espiritu gaiztoei, eta hauek atera egiten dira». Jesusen entzutea herrialde hartako bazter guztietara zabaldu zen.

Lukas 4, 31-37.

Aurreko eguneko  irakurketan argi ikusi genuen Jesusen mezuak bene-benetako askapen bat iragartzen zigula. Gaurko irakurketan askapen horren adierazgarrietako bat baino ez dugu ikusten. Deabruak hartuta, sufritzen ari den pertsona bat bere onera ekarrarazten du Jesusek. Zin-zinez “deabruak hartuta” egongo al zen gizon hori? Izango al zen hala? Hala izan edota horren antza izan zezakeen buru-gaixotasunen batek jota izan, ez du gehiegi axola.  

Nork bere arazoak ditu, fisikoak  zein psikikoak, objektiboak baina batez ere subjektiboak, norbere zama existentziala, biografikoak, baldintzatzen eta sarri askotan zamatu ere egiten gaituztenak. Gure problema horiek, Jesusi aurkeztuta, desagerraraziak agian ez, baina eraldatuak izango dira, esanahiz eraldatuak izango zaizkigu, Berarekin partekatzen ditugun momentutik beretik bestelakotuak.

Dena den, Jesusen Berri Ona ez da soil-soilik momentuko arazo bat konpondu edota osasun problema bat sendatuko digun petrikilo baten formula magikoa, nahiz-eta orduko horretan halaxe eman zezakeen. Ez, hemen, mirari hau Berri Onaren ahalmen guztizkoaren seinaleetariko bat baino ez dugu. Berri Onak pertsonaren muinean hartzen du bere guztizko indarra. Jesusek dakarkigunak bere bihotza zintzotasunez zabaltzen dion pertsona osoa hartzen eta eraldatzen du. Eta hori bakarrik ez, bere mezua eraldatutako pertsonaz pertsona zabalduaz joango da pixkanaka bazterrik bazter orduko hartan, eta gerora, denboraren poderioz, zabaldu eta zabalduaz baita mundu zabalean  kristauen elkartasunezko komunitatea sortu arte ere.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude