HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 4
Aldi hartan, Jesus Nazaretera, bera hazitako herrira, joan zen, eta larunbatean, ohi zuenez, sinagogan sartu eta zutik jarri zen irakurgaia egiteko. Isaias profetaren liburua eman zioten eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu zuen: «Jaunaren Espiritua nire gainean dago, hark gantzutu bainau, behartsuei Berri Ona emateko. Gatibuei askatasuna eta itsuei ikusmena hots egitera bidali nau, zapalduei askatasuna ematera, Jaunaren onginahi-urtea hots egitera». Liburua bildu ondoren, laguntzaileari eman eta eseri egin zen. Denak sinagogan begira-begira zeuzkan. Jesus honela hasi zitzaien: «Gaur bete da orain entzun duzuen Liburu Santuko hitz hau». Denek Jesusen alde hitz egiten zuten eta harriturik zeuden Jainkoaren onginahiaz esaten zituenengatik. Baina hau zioten: «Ez al da, ba, hau Joseren semea?». Orduan, Jesusek esan zien: «Harako esaera hura gogoraraziko didazue, noski: “Sendagile, sendatu zeure burua “, eta esango: “Egitzazu hemen ere, zeure herrian, Kafarnaumen egin omen dituzun gauzak”». Eta erantsi zuen: «Hara Nik egia esan: Ez da profetarik bere herrian onartua denik. Egiaz esaten dizuet: Bazen emakume alargunik asko Israelen Eliasen garaian, hiru urte eta sei hilabetez euria egin gabe egonik, lurralde guztian gocete gorria izan zenean; hala ere, Jainkoak ez zion haietako inori bidali Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargunari baizik. Eta bazen legenardunik asko Israelen Eliseo profetaren garaian; hala ere, ez zen haietako inor sendatu, Siriako Naaman baizik». Hauek entzutean, sinagogan zeuden guztiak amorruz bete ziren. Eta jaikirik, Jesus herritik kanpora atera eta herria eraikia zegoen mendiko amildegira eraman zuten, handik behera botatzeko asmotan. Baina Jesus haien erditik igaro eta bere bidetik joan zen.
Lukas 4, 16-30.
Pasarte honek Jesusen ibilbide publikoaren hasieraren berri ematen digu. Oso mamitsua eta esanahi handikoa da lerro hauen bitartez islatzen zaigun sinagogako gertakari hau. Izan ere, bertan, batera, eta era trinkoan, gerora, gurutziltzatu izan arteko bere ibilbidearen ezaugarririk nagusietarikoak ikus ditzakegu.
Jesusengan Agerkundeak goiena jotzen du. Ez da ordura arteko Jainkoak bere herriarekin zuen harremanean beste urratsetako bat, ez; Berarekin gertatuko den jauzia azkena eta erabatekoa izango da: “Gaur bete da orain entzun duzuen Liburu Santuko hitz hau”. Orduan, Jesusengan, eta bere jardun publikoaren bitartez, ari zen betetzen jada aurrez mendeetan barrena iragarri eta agindutakoa. Isaiasen esanak bere ahotan hartu eta bere buruaren berri ematen digu Jesusek ezin argiago: “Jaunaren Espiritua nire gainean dago, hark gantzutu bainau”.
Jesusengan bete da agindutako guztia. Ez edonola baina. Jainkoaren semea gure arteko beste bat egin da, baina hori ez ezik, gizarteko behe-behekoetako bat ere bilakatuaz: “Ez al da, ba, hau Joseren semea?”. Jesus ez zen soilik behetik hasi, behekoetan beheko izan zen.
Jesus honako pasarte honetan ari da aurreratzen jada zer-nolakoa den eta izango den Bera den Berri Ona. Aurrena, propio eta bereziki behartsuak aintzat hartuko ditu Berri Onak; gatibuak askatuko ditu, itsuei ikusmena emango eta zapalduei askatasuna.
Orduko hartan, gaur egun bezalatsu-edo, ez zeuden (ez gaude) bere mezuaren sakontasuna bere osoan ulertzeko pronto. Harridura sortzen du Jesusek, baina entzule asko eta asko uzkur agertzen ziren bere mezuaren aurrean, batzuk are amorruz ere. Jesusek ondo baino hobeto zekien hau guztia. Benetako askatasunari harrera ona egiteko, gure bihotza zintzotasunez zabaldu behar dugu. Hau baina ez da uste bezain erraza. Ziurtasun faltsu bat ematen diguten sineskeriei lotuegiak gaude maiz eta horien menpeko gara.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments