HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 3
Aldi hartan, Jesus bere ikasleei azaltzen hasi zitzaien beharrezko zela bera Jerusalemera igotzea, eta han asko sufritu behar zuela apaizburu eta lege-maisuen aldetik; hil egingo zutela eta hiru egunen buruan piztu egingo zela. Orduan, Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi zitzaion: «Inola ere ez, Jauna! Ez zaizu horrelakorik gertatuko!». Baina Jesusek, itzulirik, zera esan zion Pedrori: «Alde nire ondotik, Satanas! Oztopo haiz niretzat, hire asmoak ez baitira Jainkoarenak, gizakiarenak baizik». Jesusek hau esan zien, gainera, ikasleei: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia nigatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badu? Eta zer eman dezake gizakiak bizia berriro eskuratzeko? Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekin eta orduan bakoitzari bere jokabidearen arabera ordainduko dio».
Mateo 16, 21-27.
Garai batean, eta ez dira oraindik urte asko, normala zen fedea idealismo bezala bizitzea, eta fede horren arabera bizitza emateko prest egotea. Izan ere bizitza helburu on batengatik ematekoa zen. Gerora, eta agian guztiz kontziente izan gabe, fedea norberaren ongizatearen lagungarri bezala bizi dugu, Jainkoak gure barneko onena sustatzea bilatzen duelako, eta gure zoriontasun betea bilatzen duelako. Prest gaude gure fedea gurutze bezala bizitzeko? Gutako inori bururatzen zaigu gaur gurutzea salbabide bezala proposatzea? (Zoriontsu izan nahi duzu? Mundu berri eta zuzenbidezkoa eraiki nahi duzu? Maiuskulazko bizia nahi duzu? Ahaztu zure asmoak eta proiektuak, prestatu zaitez guztia galtzeko, orori uko egiteko, eta jarraitu Jesusi”). Pedrok bezala, batek baino gehiagok gogor ekingo genioke horrelako planteamenduari, esanahiak ongi ulertu behar direla, gauzak ez direla literalki jaso behar, egungo garaira egokitu behar direla… (Ez ote digu “alde nire ondotik, Satanas!” erantzungo?) Jesusengatik guztiari uko egiteko eta gurutzea Jainkoaren bide bezala onartzeko prest!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments