HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 2

Aldi hartan, hurbildu zitzaizkion ikasleak Jesusi eta hau galdetu zioten: «Nor da handiena Jainkoaren erreinuan?» Jesusek, haurtxo bati deitu, haien artean jarri eta honela esan zien: «Benetan diotsuet: Berriro haurren antzeko bihurtzen ez bazarete, ez zarete sartuko zeruetako erreinuan. Beraz, bere burua haur honen antzera apaltzen duena, hori da Jainkoaren erreinuan handiena. Eta honelako haur bat nire izenean onartzen duenak Ni onartzen nau. Kontuz! Ez dezazuela txiki hauetako inor gutxiets! Zeren, egia esan, hauen aingeruak zeruko nire Aitaren aurpegia ikusten ari baitira etengabe».

Mateo 18, 1-5. 10.

Gaur egun haurrak bizitzaren ardatz jarri ditugu, beraiengatik guztia emateko prest gaudela. Ez da horrela izan historian zehar orain gutxi arte. Ama bai arduratzen zen bere haurrez, baina gizarteak ez zuen horrelako begirunerik. Ez ziren kontuan hartuak. Beraz, Jesus haurra erdian jartzen ari denean, ez da gaur egungo ikuspegitik ari, baizik eta inolako begirunerik, inolako garrantzirik ez duen bat jartzen ari da erdian. Ikasleen galderari erantzunez, Jesusek haurra txikien iruditzat jartzen duenean, Jainko Aitaren apustua agerian jartzen ari da. Nortzuk dira handienak Jainko Aitarentzat? Gure gizartean kontatzen ez dutenak, baztertuak, baliorik ez dutenak, “inoreztatuak”. Horiek dira Jainko Aitaren kuttunak, horiek dira aingeruen bidez babestuak. Kontuz, beraz, izan ere, hauetako bati egina, Neuri egina izango baita, eta hauetako bati ez egina, Neuri ez egina.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude