HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 1

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin, beren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da. Neskatxeta ko bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak. Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senargaiak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen. Gauerdian oihu bat entzun zen: “Badator senargaia; irten bidera!” Jaiki ziren neskatxa guztiak, eta beren kriseiluak prestatu zituzten. Orduan, zentzugabeek hau esan zieten zentzudunei: “Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe duzue, bada-ezpada, dendara joan eta erosi”. Baina, erostera joanak zirelarik, senargaia iritsi zen, eta prest zirenak ezteietara sartu ziren harekin. Eta atea itxi zuten. Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, jauna, ireki!” Baina hark erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”. Egon, beraz, erne, ez baitakizue, ez eguna, ez ordua».

Mateo 25, 1-13.

Lehen kolpean, bati baino gehiagori bidegabekeria irudi lekioke hamar neskatxen artean gertatutakoa. Gaur egun partekatzeari, elkartasunari, begiruneari… ematen diogun balioaren aurrean, hemen gertatutakoa irentsi ezina egiten zaigu. Baina hemen Jesusek irudikatzen digunaz ongi jabetzeko, gogora dezagun atzokoan aipatzen genuena: gogora dezagun gure egunerokoa Jainkoarekin batean bizi dugula. Harreman historia bat dugu eskuartean. Eta harreman historiak pertsonalak dira, oso pertsonalak. Norberak bizi ditu, eta bizi behar ditu. Ezin dira utzi, ezin dira eman, ezin dira trukatu. Eta ezin dira, ezta ere, “kutsatu”, albokoarengandik jaso edo taldeko babesaz aldatu. Jainkoarekiko harremana, bikote harremana bezala, norberak bizirik mantendu behar du, norberak egunero olioz bete behar du. Ez du balio lehen bizi izandakoak, ez du balio taldeak edo elkarteak edo Elizak eskaintzen didanak. Ezin dit besteak eman, ezin dit besteak utzi. Senargaia atzeratzen denerako, eguneroko arruntasuna iristen zaigunerako, olioa gordetzen ari gara? Ezteietara sar gintezke, maitasun harreman bizia dasta dezakegu, ala kanpoan geratu.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Oso gutxi lantzen dugun kontua da eta gehiagotan azpumarratu beharrekoa. Jainkoarekiko harremana zaintzeko bidea erakustea garrantzitsu ikusten dut, une zail eta pozgarrietarako, berdin da.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude