HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 30

Aldi hartan, honela mintzatu zen Jesus: «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Hilobi zurituen antzeko zarete: kanpotik itxura ederrekoak, baina barrutik hil-hezurrez eta ustelkeriaz beteak! Zuek ere honelakoak zarete: kanpotik zintzoak jendearen aurrean, baina barrutik itxurakeriaz eta gaiztakeriaz beteak. Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Profeten hilobiak eraikitzen eta gizon zintzoen hilarriak apaintzen dituzue, hau esanez: “Gure arbasoen egunetan bizi izan bagina, ez genukeen parterik hartuko haiekin profeten hilketan”. Horrela, zeuek aitortzen duzue profetak hil zituztenen ondorengoak zaretela. Bete, bada, zeuek ere zeuen gurasoen egintza gaiztoen neurria!».

Mateo 23, 27-32.

Jauna, horrelako hitzen aurrean ezin dugu bestaldera begiratu; ezin dugu pentsatu “ederki antzeman diezu nolakoak diren” norbera irudikatua ikusi gabe. Bai Jesus, ongi ezagutzen gaituzu, muinetaraino. Eta lege-maisu eta fariseuei luzatutako hitzak geuri zuzenduak jasotzen ditugu. Jende aurrean garenak baino hobeak agertzen garelako. Gure ekintzarik zintzoenak ere anbiguotasunez josiak daudelako. Geure berri badakigulako, eta jakin badakigu ezkutuko interesez beteak gaudela. Zer egin dezakegu, orduan? Lege-maisu eta farisearrek jaso duten epaia merezi dugu? Agian bai. Geure izaera ukatzea ezinezkoa da, eta Jauna, zure epaiketaren beldur bizitzea, zugandik ezkutatzen saiatzea bezala litzateke. Beraz, nahiago dugu garen bezala zure aurrean agertzea. Salmoak dioen bezala, “Jauna, zuk ikertzen nauzu eta ezagutzen. Zehatz dakizu nire pauso guztien berri. Barru-barruraino ezagutzen nauzu”… Horregatik, salmogileak zuzentzen dizun eskari bera luzatzen dizugu: “Ikusi galbidetik ote nabilen, gidatu ni zeure betiko bidetik.”

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Salmoa oso ederra, eta iruzkina probetxu handikoa. Mila esker!

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude