HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 29

Aldi hartan, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotua zuen, Herodias zela eta. Herodesen anaia Feliperen emaztea zen Herodias, baina Herodesek bere emaztetzat hartua zuen, eta Joanek hau esaten zion: «Ez zaizu zilegi zeure anaiaren emaztea edukitzea». Horregatik, gorroto zuen Herodiasek Joan eta hil egin nahi zuen, baina ezin, Herodesek begirune baitzion Joani; gizon zuzen eta santutzat zeukan, eta babestu egiten zuen. Joanen hitzek kezkarik sortzen bazioten ere, gogoz entzuten zion. Etorri zitzaion, ordea, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetzean, afaria eman zien agintari, gudalburu eta Galileako handikiei. Sartu zen jantokian Herodiasen alaba eta dantzan egin zuen, eta atsegin izan zitzaien Herodesi eta mahaikideei. Orduan, erregeak zera esan zion neskatxari: «Eskatu nahi duzuna, eta emango dizut». Eta zin eginez agindu zion: «Eskatu ahala guztia emango di-zut, nire erreinuaren erdia bada ere». Atera zen neskatxa eta bere amari galdetu zion: «Zer eskatuko diot?» Amak erantzun: «Joan Bataiatzailearen burua». Itzuli zen arin-arin erregearengana eta eskaria egin zion: «Emadazu oraintxe bertan Joan Bataiatzailearen burua azpilean». Goibel jarri zen erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinagatik, ez zion ukatu nahi izan. Berehala, bere guardiako bat bidali zuen, Joanen burua ekartzeko aginduz. Joan zen hura kartzelara eta lepoa moztu zion, eta azpilean ekarri zuen burua; neskatxari eman zion, eta neskatxak amari. Joanen ikasleek, hori jakitean, haren gorpua jasotzera etorri eta hilobian ehortzi zuten.

Markos 6, 17-29.

Joan Bataiatzailearen martiritza ospatzean, ezinbestekoa egiten zaigu bere bizitzari begirada bat luzatzea. Joanen bizitza osoa Jesusi lotua ageri zaigu. Jaio aurretik, Isabelen altzoan jauzi egin zuenak bere izate osoa emango du Jesusen etorrera prestatzeko. Eta nahiz eta bere moldea –Jainkoaren nahia eta Jainkoaren ikuspegia bizitzeko moldea– ez izan Jesusena (horregatik “Zu al zara etortzekoa zena?” galdetu beharko du), Jesusek berak aitortuko du Joan profeta baino gehiago dela, gizakien artean handiena dela. Gizakien artean handiena, baina halere erreinuko txikiena bera baino handiagoa? Nork ulertu? Galdera ona dugu: nor da Joan Bataiatzailea? Baina hemen egiazko galdera ez da Joani buruzkoa, baizik Jesusi buruzkoa. Zer dauka Jesusek erreinuko txikiena ere Joan baino handiagoa egiten duena? Joan Bataiatzailea, egiaz miresgarria. Batez ere bere bizitza osoak Jesusi begira jartzen gaituelako.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Jesusi begira jartzen gaituelako…

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude