HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 28
Aldi hartan, honela mintzatu zen Jesus: «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok, jendeari zeruetako erreinuko sarrera ixten diozuenok! Zeuek ez zarete sartzen eta sartu nahi dutenei ez diezue uzten. Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Baten bat judu berri egiteagatik itsaso eta lehor zabiltzate eta, egin duzuenean, infernurako gai bihurtzen duzue zeuek baino areago. Ai zuek, gidari itsuok! Honela irakasten duzue: “Tenpluagatik zin egiteak ez du baliorik; tenpluko urreagatik zin egiteak, ordea, behartu egiten du”. Zoro itsuok halakook! Zer da handiago, urrea ala urrea sagaratzen duen tenplua? Beste hau ere irakasten duzue: “Aldareagatik zin egiteak ez du baliorik; aldare gaineko opariagatik zin egiteak, ordea, behartu egiten du”. Itsuok halakook! Zer da handiago, oparia ala oparia sagaratzen duen aldarea? Aldareagatik zin egiten duenak, aldareagatik eta gainean dagoen guztiagatik egiten du zin; tenpluagatik zin egiten duenak, tenpluagatik eta bertan bizi den Jainkoagatik egiten du zin; zeruagatik zin egiten duenak, Jainkoaren tronuagatik eta bertan esertzen denagatik egiten du zin».
Mateo 23, 13-22.
Zer da hau? Badirudi, Jesus guztiz degradatua, desitxuratua dagoen erakunde baten argazkia egiten ari zaigula. Zenbat erabilpen, zenbat manipulazio! Zenbat umekeria! Hemen agertzen diren irudiak eta salaketak erabat arrotz egiten zaizkigu. Baina Ebanjelioko pasarte hau egokia eta aproposa izan dezakegu geure manipulazioei eta lekuz kanpoko bizipenei begirada bat luzatzeko:
–erlijioa norbere interesei egokitzea (guztiz ohikoa norberak daraman bizimodua inolaz ere zalantzan jartzen ez duenean),
— fedearen irakurketa ideologikoa egitea ikuspegi konkretu bat mantentzeko (maitasuna da nire ikuspuntua gidatzen duena?),
–fedea, Ebanjelioa, Jainkoa… nire ongizaterako erabiltzea, Erreinua eraikitzea bilatu ordez…
— besteak baino hobea sentitzea nire bizipenengatik, nire erabakiengatik, nire fedeagatik…
–Elizaren aginduei atxikitzeari garrantzi handiago ematea lagun hurkoaz arduratzeari baino…
— Lagun hurkoarekiko maitasuna aitzakiaz erabiltzea Elizatik urruntzeko…
Salmoak dioen bezala, “Gure erruak gogoan badauzkazu, nor dagoke zutik, Jauna?” Egunero eskatu beharko diogu argia bere bideari jarraitzeko eta ez gure interesei.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Egunero eskatu beharko diogu argia…