HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 27

Aldi hartan, Jesusek, Filiporen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien ikasleei: «Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?». Haiek erantzun: «Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat». Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor naizela diozue?». Simon Pedrok erantzun zuen: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea». Orduan, Jesusek esan zion: «Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta hau diotsut Nik: Zu Pedro zara –harkaitza–; harkaitz horren gainean eraikiko dut Nik neure Eliza, eta Herioaren indarrak ez zaizkio nagusituko. Zeruetako erreinuko giltzak emango dizkizut: zuk mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua, zeruan ere askatua». Orduan, bera Mesias zela inori ez esateko agindu zien Jesusek ikasleei.

Mateo 16, 13-20.

Nor da Nazareteko Jesus?

Besteek zer dioten entzun dezakegu, baina nire fedea ez da besteek esaten duten horretan oinarritzen. Horrek ez dio nire fedeari ez gehitzen, ez gutxitzen; agian lagungarri izan daiteke zenbait erantzunek nire bilaketabultzatzen dutelako, baina ez besterik.

Fedea bizi egiten da, eguneroko bizitzari lotua dago, Maitasuna eta Bizia den Jainkoarekin dugun bizipenari lotua dago. Horrela ez bada, hitz hutsak besterik ez dira.

Gure fedea nolakoa den aztertzera eramaten gaitu gaurko pasarteak; horretarako geure buruari egin beharreko galdera oso zehatza da: nola bizi duzu fedea zure bizitzan? Ez dut galdetzen zer pentsatzen duzun, zer iritzi duzun… edo horrelakorik. Berriro esango dut, nola bizi duzu fedea?

Pasarteak beste gonbidapen bat ere egiten du. Agian fedea bakardadean bizi duzun zerbait da; horrela bada, jaso ezazu zure fedea elkartean bizitzeko gonbidapena. Eta elkarteek ez dezatela ahaztu, Jainkoak maitasunera eta errukira deitzen gaituela; hau da, askatzera deitzen gaitu, ez lotzera.

Zenbat kostatzen zaigun askatzea… zer gutxi berriz lotzea…

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (2 oihartzun daude)
L

2 Comments

  1. Avatar

    Fedea eguneroko bizitzari lotua dago…

  2. Avatar

    Fedea egunero Jesús aurkitzea eta ezagutzea da, gauzetan, lekuetan eta, pertsoneetan eta egoera xumeetan. Horrela baloratzen eta eskertzen da bizitza, benetako zoriontasuna ekartzen duena.

    Jainkoa, ikus zaitugun egunero, eta agertu itxaropengabekoaren aurrean

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude