HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 26

Aldi hartan, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotua zuen, Herodias zela eta. Herodesen anaia Feliperen emaztea zen Herodias, baina Herodesek bere emaztetzat hartua zuen, eta Joanek esaten zion: «Ez zaizu zilegi zeure anaiaren emaztea edukitzea». Horregatik, gorroto zuen Herodiasek Joan eta hil egin nahi zuen, baina ezin, Herodesek begirune baitzion Joani; gizon zuzen eta santutzat zeukan, eta babestu egiten zuen. Joanen hitzek kezkarik sortzen bazioten ere, gogoz entzuten zion. Etorri zitzaion, ordea, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetzean, afaria eman zien agintari, gudalburu eta Galileako handikiei. Sartu zen jantokian Herodiasen alaba eta dantzan egin zuen, eta atsegin izan zitzaien Herodesi eta mahaikideei. Orduan, erregeak esan zion neskatxari: «Eskatu nahi duzuna, eta emango dizut». Eta zin eginez agindu zion: «Eskatu ahala guztia emango dizut, nire erreinuaren erdia bada ere». Atera zen neskatxa eta bere amari galdetu zion: «Zer eskatuko diot?» Amak erantzun: «Joan Bataiatzailearen burua». Itzuli zen arin-arin erregeagana eta eskaria egin zion: «Emadazu oraintxe bertan Joan Bataiatzailearen burua azpilean». Goibel jarri zen erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinagatik, ez zion ukatu nahi izan. Berehala, bere guardiako bat bidali zuen, Joanen burua ekartzeko aginduz. Joan zen hura kartzelara eta lepoa moztu zion, eta azpilean ekarri zuen burua; neskatxari eman zion, eta neskatxak amari. Joanen ikasleak, hori jakitean, haren gorpua jasotzera etorri eta hilobian ehortzi zuten.

Markos 6, 17-29.

Joan bataiatzaileak prestatu zituen Nazareteko Jesusen bideak bihotz berritzeko deia zabalduz. Lehen eta orain dei hori errepikatu egiten da; bihotz berritzeko deiak ez du amaierarik, bizitza osoko lana eta borroka da, Jaunarekin bat egin nahi dugunean.

Dei bakoitzak bizitza konkretuan hartzen du esanahia; ez da haizeari egiten zaion dei bat, ez, bizitzarekin lotua dagoen zerbait baizik. Gaurkoan Herodesek eta Herodiasek bizi duten egoera zehatzari lotua dago; bihotz berritzeko deiak gure bekatuaren aurrean jartzen gaitu. Herodes eta Herodiasen aurka egiten duen salaketak Jaunarengandik urruntzen duen horren aurrean jartzen ditu. Helburua bion bihotz berritzea bada ere, emaitza ezagutzen dugu, Joan bataiatzailearen ahotsa isiltzen dute; Joanek bere heriotza aurkitzen du.

Gatoz gurera, entzun dezagun Joan bataiatzailearen garrasia, bihotz berritzeko garrasia; zuzenean egingo baligu, zer aurkituko zukeen? Garrasia, gonbidapena, gutako bakoitzari zuzenean eginiko deia da; guri dagokigu, inoren salaketaren zain egon gabe, gure bihotzean daramagun, eta Jainkoarengandik urruntzen gaituen zama astunari aurre egitea.

Nik ez dut Joanen ahotsa isilarazi nahi, bai berriz nire zama arindu; bihotz berritu nahi dut, Jainkoarenganako bidea egin nahi dut. Maite nauen Jaunaren aurrean jarri nahi dut nire zama, berak dezake eta nik daraman zama astuna.

Eta zu, prest zaude maite zaituen Jaunaren aurrean zure zama arintzeko?

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude