HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 25

Aldi hartan, Jesusek saduzearrak hitzik gabe utzi zituela jakitean, elkarrekin bildu ziren fariseuak, eta haien arteko lege-gizon batek azpikeriaz galdetu zion Jesusi: «Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?». Jesusek erantzun: «“Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz”. Hau da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena horren parekoa da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala”. Bi agindu hauetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak».

Mateo 22, 34-40.

Maitasuna, nola adierazi zer den, nola bizi behar den, zeintzuk diren maitasunaren ondorioak. Hitzez erraza den gauza bada ere, hitzak bizitzara ematen direnean oztopoak aurkitzen ditugu, han eta hemen.

Maite nahi dut bai, baina… bizitzan horrelako baina asko nabaritzen ditut; noski, denak bestearen erruz sortutakoak. Ahaztu egiten zaigu maitasunaren gonbidapenak ez duela bestearen erantzunarekin zer ikusirik; horrela balitz, ez genuke inoiz Jainkoaren maitasuna geureganatuko, dagoeneko etsita izango zen.

Egia da, gizon-emakume hutsak gara, gure mugak eta guzti, ezinezkoa zaigu maitasun hau bizitzea (hau gizon-emakumeon hitzetan); aldi berean Jainkoaren seme-alabak gara, bere antzeko eta irudiko (hau Jainkoaren hitzetan).

Ondorioa: Jainkoak ez digu bere Maitasuna erakutsi beragandik zein urrun gauden erakusteko; bere antzeko eta irudiko izanez, maitasuna, benetakoa dena, Bizitza ematen duen maitasuna bizitzera gonbidatzen gaitu, Maitasuna den abiatuz, gure muga eta guzti, bere seme-alaba bezala.

Ez dezagun esan Maitasun hori guretzat ezinezkoa dela; esan dezagun berriz, maitasuna bizitzea dela, nire-gure bizitzan har dezakegun aukerarik emankorrena. Emankorrena bai, bestea maitatuz, besteentzat bizi bihurtzen garelako.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude