HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 23
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin mahasti-nagusiarekin bezala gertatzen da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila atera zen. Eguneko lansaria zilarrezko txanpon batean hizketatu ondoren, mahastira bidali zituen langileak. Goizeko bederatziak aldera berriro atera zen eta, beste batzuk plazan lanerako zain ikusirik, esan zien: “Zoazte zuek ere nire mahastira eta ordainduko dizuet bidezko dena”. Eta haiek ere joan ziren. Atera zen berriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin zuen. Arratsaldeko bostak aldera ere atera zen eta, beste batzuk oraindik geldi aurkiturik, esan zien: “Zertan zaudete hemen egun osoan lanik egin gabe?”. Haiek erantzun zioten: “Ez gaitu inork hartu lanerako”. Hark, orduan: “Zoazte zuek ere nire mahastira”. Iluntzean mahasti nagusiak esan zion arduradunari: “Deitu langileei, eta emaiozu bakoitzari bere soldata, azkenekoetatik hasi eta lehenengoetara”. Etorri ziren, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zilarrezko txanpon bana hartu zuten. Lehenengo ordukoek, txanda iritsi zitzaienean, besteek baino gehiago hartuko zutela uste zuten; baina haiek ere zilarrezko txanpon bana hartu zuten. Orduan, nagusiaren kontra gaizki esaka hasi ziren, eta esan zioten: “Azkeneko hauek ez dute ordubete besterik lan egin, eta gurekin berdindu dituzu, egun osoko nekea eta beroa jasan dugunokin”. Baina nagusiak erantzun zion haietako bati: “Adiskide, ez dizut bidegabekeriarik egiten. Ez al ginen zilarrezko txanpon batean hizketatu? Tori dagokizuna eta zoaz. Zuri bezainbat eman nahi diot azkeneko honi ere. Ezin ote dut neure diruaz nahi dudana egin? Ala inbidia duzu, ni ona naizelako?”. Horrela, bada, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».
Mateo 20, 1-16
Betidanik, gizon-emakumeon tentazio handiena Jainkoaren lekua hartzea izan da, bere lekua hartuz, geure buruak Jainko bihurtuz. Hasiera liburuan ikusten dugu Adan eta Ebaren erantzuna: nahiz eta ezagutzeko ahalmena ematen duen zuhaitzetik ez jateko esan, tentazioan erori eta “fruitua gozoa zela, arbola ikusgarria eta jakituria lortzeko desiragarria” zela ikusi ondoren, jan egin zuten.
Gaurko ebanjelioko pasartean beste egoera baten aurrean aurkitzen gara, baina berdin jokatzen jarraitzen dugu. Jainkoaren errukiari mugak jarri nahi dizkiogu, bere jokaera epaitu egiten dugu gurearekin bat ez datorrelako (gainera guk dugu arrazoi), eta haserretu egiten gara.
Ez da bidezkoa Jainkoak egin duena (geure buruak jainko bihurtuz, dugun ezagutzeko “ahalmena” dela eta epaitzen dugu). Egun osoa lanean ibili ondoren, nire saria eta azkenengo orduan etorri denaren saria berdina dela ikustean, nire ahotsa altxatzen dut, lotsagabe.
Zein zailak diren Jainkoaren bideak. Nola ulertu maitasunez eta errukiaz ikusten duen Jainkoak denak berarekin nahi gaituela; guztiontzat (baita ere lehenengo orduan etorri direnentzat), erantzun berdina duela, maitasuna eta errukia.
Ausardia behar da Jainkoa epaitzeko… eta ez zaigu falta… Jainkoagandik jasotakoa eskertu beharrean, besteak gu baino gehiago jaso dutela eta (gure ustez behintzat), bizkarra ematen diogu.
Lehenengo postuak edo azkenengoak okupatu, izan gaitezen beti esker onekoak eta poztu gaitezen Jaunak, bere errukiaz, denoi irekitzen dizkigulako bere bihotzeko ateak.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Jainkoaren errukiari mugak jarri nahi dizkiogu…
Ze zortea dugun kristauok Jaungoikoaren maitasun eta errukiarekin, eta hainbestetan ahaztu edo kexatzen gara!!