HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 21
Aldi hartan, gazte batek Jesusengana hurbildu eta esan zion: «Maisu, zer onik egin behar dut betiko bizia eskuratzeko?». Jesusek erantzun zion: «Zergatik galdetzen didazu onari buruz? Jainkoa bakarrik da ona. Betiko bizian sartu nahi baduzu, bete aginduak». Hark, berriz: «Zein agindu?». Eta Jesusek: «Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, hartu aintzat aita-amak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala». Gazteak, orduan: «Hori guztia bete dut; zer falta dut oraindik?». Jesusek erantzun zion: «Guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta eman behartsuei, eta altxorra izango duzu zeruan; gero, zatoz eta jarraitu niri». Hitz hauek entzutean, nahigabeturik joan zen gaztea, ondasun handien jabe baitzen.
Mateo 19, 16-22.
Bizitza aukeratzea da, bide bat edo beste hartzen dugu, modu kontziente edo inkontzientean “gogoeta” egin ondoren (zenbat gauza egiten ditugu asko jabetu gabe), ditugun asmoak, helburuak lortu nahi ditugu.
Zoriontsu izatea omen da gizon-emakumeok dugun helburu nagusiena, baina hamaika bide daude horra iristeko. Batzuk azaleko zoriontasuna bilatzea bakarrik lortu nahi dute (lortzen ez denean berriz, aspertu egiten garela esaten dugu); beste batzuk berriz sakoneko zoriontasunarekin topo egitea dute helburu. Helburu honek bilaketa sakona eskatzen du, geure buruak ezagutuz, mugak eta bizitzako loturak ere aurrean jarriz, barne poza aurkitu nahi izaten dugu.
Egoera horretan aurkitzen dugu ebanjelio pasarteko gaurko gaztea. Ona aukeratu nahi du, gauza onen artean: “Maisu, zer onik egin behar dut?” ez da ari gauza on eta txar baten artean erabakitzen. Horrela balitz erabakia erraza litzateke, beti ona dena aukeratu behar da. Baina bi gauza onen artean erabaki behar denean, zalantza sortzen zaigu: gutxienekoarekin konformatu edo haratago joan… aginduak bete edo maitatu, aginduak gaindituz…
Ez da aukera erraza izaten, pertsonak, esperientziak, istorioak, lotzen gaituzte…
Guztiok erantzun beharko genioke galderari… aginduak betetzea ondo dago bai, baina Jaunak beti zerbait gehiago eskatzen digu: gure askatasuna nahi du, gure loturak desegin ondoren lortzen den Askatasuna.
Prest al nago, prest al zaude bizitzako loturak askatzeko?
Emaiguzu Jauna, Biziaren eta Askatasunaren bidean aurre egiteko indarra.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments