HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 20
Aldi hartan, Tiroko eta Sidongo lurraldera aldendu zen Jesus. Hartan, inguru haietan bizi zen emakume kanaandar bat deiadarka hasi zitzaion: «Jauna, Daviden Semea, erruki zakizkit! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba». Baina Jesusek ez zion hitzik erantzun. Ikasleak, hurbildurik, erreguka ari zitzaizkion: «Egiozu kasu, eta doala, deiadarka baitatorkigu atzetik». Jesusek, ordea: «Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak». Baina emakumea, hurbildurik, ahuspez jarri zitzaion, esanez: «Lagun iezadazu, Jauna!». Jesusek, orduan: «Ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea». Emakumeak erantzun zion: «Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte nagusien mahaitik erortzen diren ogi-apurrak». Orduan, Jesusek esan zion: «Emakumea, handia da zure fedea! Gerta bekizu nahi duzun hori». Eta une hartatik sendatua gelditu zitzaion alaba.
Mateo 15, 21-28.

“Jauna, Daviden Semea, erruki zakizkit!” dio emakume kanaandarrak, baina Jesusek ez du erantzuten; entzun, entzungo zuen, deiadarka bai zetorren ikasleen atzetik. Gaurkoan ikasleak errukitsu azaltzen dira… itxuraz behintzat; baina ikasleek ez dute emakumeak bere bihotzean daraman deiadarra entzuten. Isildu besterik ez dute egin nahi deiadarrak molestatu egiten dituelako; agian lotsa pasatzen ari dira, zarataz nekatuta daude, eskandalua sortzen du emakumeak… nork daki.
Baina Jesusentzat ez da nahiko arrazoi inor sendatzeko, inor askatzeko; eta bere herriaren partaide ez denez, ez du ezer egiten. Erantzun honekin guk atzera egingo genuke (nik behintzat), baina emakume kanaandarrak garrantzizkoa den zerbait erakusten digu: fedeak ez du zer ikusirik non jaiotakoak garenarekin, bai berriz bihotzean daramagun deiadarrekin.
Deiadar hori entzuten duenean, fedearen deiadarra, Jesusek erantzuten du eta alaba askatu egiten du.
Gure fede bizitza hausnartzeko une egokia dirudi, nolakoa da nire deiadarra? Nire fedearen deiadarra? Eta eska diezaiogun Jainkoari, apaltasunez eta esker onez, emakume kanaandarrak erakutsi zuen fedea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments