HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 17

Aldi hartan, hurbildu zitzaion Pedro Jesusi eta galdetu zion: «Jauna, nire senideak bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?». Jesusek erantzun zion: «Zazpi aldiz ez, baizik eta zazpitan zazpi mila aldiz. Hain zuzen, bere morroiekin kontuak garbitu nahi izan zituen erregearekin bezala gertatzen da zeruetako erreinuarekin. Kontuak garbitzen hastean, dirutza izugarria zor zion bat ekarri zioten. Eta nondik ordaindurik ez baitzuen, bera eta emaztea, seme-alabak eta zituen guztiak saltzeko agindu zuen nagusiak, zorra ordaintzeko. Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadazu astia eta dena ordainduko dizut”. Nagusiak, errukiturik, dena barkatu eta libre utzi zuen morroia. Baina morroi hark berak, atera orduko, diru apur bat zor zion bere morroi-lagunarekin topo egin zuen, eta, lepotik heldu eta ito beharrean, esan zion: “Ordain iezadak zor didaana”. Lagunak, oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadak astia eta dena ordainduko diat”. Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu zuen, zorra ordaindu arte. Beste morroiak, gertatua ikusirik, biziro atsekabetu ziren, eta nagusiagana joan eta gertatuaren berri eman zioten. Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan zion: “Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra barkatu diat nik, eskatu didaalako; ez al zen bidezkoa hi ere heure morroi-lagunaz errukitzea, ni hitaz errukitu nintzen bezala?”. Eta nagusiak, haserre bizian, borreroen esku utzi zuen, zor guztia ordaindu arte. Zuei ere gauza bera egingo dizue zeruko nire Aitak, senideok elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue». Hitzaldi hau bukatu zuenean, Galileatik alde egin eta Judeako mugetan sartu zen Jesus, Jordanez bestaldera igaroz.

Mateo 18, 21 – 19, 1.

Nola neurtu barkamena… neurtzen baduzu, ez da barkamena, beste zerbaitetan bihurtu duzu hasieran barkamen irudia bazuen ere. Neurtu ezin denez, ez da ezeren truke ematen edo jasotzen; horrelakorik egiten baduzu barkamenak bere zentzua galtzen du. Barkamena eskaini egiten da, barkamena jaso egiten da, ez du arrazoirik behar; barkamena dohainik egiten den gonbidapen bat da. Askatasunez egiten den gonbidapena, galdua dagoena bizitzara erakartzeko berriro, posible eginez berriro bestearekin bide berriak eraikitzea.

Baina bidea ez da erraza izaten; benetako barkamenak prozesua eskatzen du, eta batzuetan kostatu egiten zaigu, barkatu nahi izan arren. Gure Jainkoak ez digu bide erraza erakusten, benetako bidea baizik.

Jaso dezagun Jainkoak egiten digun gonbidapena; eska diezaiogun indarra barkamen bideak jorratzeko, barkamena eskainiz eta barkamena jasoz. Kontuan izan barkamena ez dela gordetzen den zerbait baizik eta lagun hurkoaren misteriora hurbiltzen gaituen bihotzaren taupadaz osatua dagoen ate irekia dela.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.