HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 16
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zure senideak bekatu egiten badu zure aurka, zoaz beragana eta zentzarazi bakarrean. Jaramon egiten badizu, irabazia duzu senidea. Jaramonik egiten ez badizu, berriz, har itzazu zeurekin lagun bat edo bi, auzia bi edo hiru lekukoren aitorpenaz erabaki behar da eta. Hauei ere jaramonik egiten ez badie, esaiozu elkarteari, eta elkarteari ere jaramonik egin nahi ez badio, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko. Benetan diotsuet: zuek mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuek mundu honetan askatua, zeruan ere askatua. Beste hau ere badiotsuet: zuetako bik elkar hartzen badute mundu honetan Jainkoari zerbait eskatzeko, emango die zeruko nire Aitak. Izan ere, nire izenean bizpahiru lagun bilduak dauden tokian, han naiz Ni haien artean».
Mateo 18, 15-20.

Bekatua, Jainkoarengandik eta lagun hurkoarengandik urruntzen gaituen jokabidea, pentsamendua, hitza da… horrelako zenbat dago gure bihotzean? Batzuetan oso nabarmena da bekatua, eta nahiz eta jakin gurea zuzena ez dela aurrera egiten dugu, nork daki zein arrazoiz beteaz (beti ditugu arrazoiak). Besteetan berriz itxura ona duela badirudi ere, eta gure ustez on egiteko zerbait dela uste badugu ere, Jainkoarengandik eta lagun hurkoarengandik urruntzen gaituzten jokabideak dira.
Eta geure buruarekin horrelako borrokak baditugu ere (nirea beti konplikatuagoa eta diferentea izaten da), lagun hurkoa epaitzea ez zaigu batere kostatzen, zuzentasuna eta koherentzia eskatzen dizkiogularik (bestela haserretu egiten gara); guzti honetan ez dugu izaten inolako begirunerik eta errukirik.
Lagun hurkoa Jainkoarengandik urruntzen dela ikusten baduzu, begiratu aurretik zure bizitzari, eta ondoren apaltasunez hurbilduz, begiratu maitasunez, eta saiatu askatzen (bekatuak lotu egiten baikaitu). Bakarrik ezin baduzu, eskatu laguntza eta berean jarraitzen badu egin Jaunak gurekin egiten duena; gu ere zenbaitetan Jainkoarengandik urruntzen garela ezin ukatu, eta Jaunak ateak irekita mantentzen dizkigu… kontuan izan Jauna ez dela etorri gu kondenatzera, gu askatzera baizik.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments