HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 13
Jendea ase ondoren, ontzian sarrarazi zituen Jesusek bere ikasleak eta bere aurretik bestaldera joateko agindu zien, berak jendeari agur egin bitartean. Jendea bidali eta gero, mendira igo zen Jesus bera bakarrik, otoitz egitera. Ilundu zuenean, han zegoen bakarrik. Txalupa, ordurako, lehorretik urruti zihoan, olatuek astindua, Haizea kontra baitzuen. Goizaldera, Jesus haiengana joan zen ur gainean oinez. Ikasleak, ur gainean ibiltzen ikusi zutenean, ikaratu egin ziren, mamuren bat zelakoan, eta beldurraren beldurrez deiadarka hasi ziren. Baina Jesus berehala mintzatu zitzaien: «Izan bihotz! Ni naiz; ez beldur izan!». Orduan Pedrok esan zion: «Jauna, benetan Zu bazara, agindu iezadazu ur gainean zuregana joateko». Jesusek erantzun: «Zatoz!». Pedro ontzitik jaitsi eta Jesusengana abiatu zen ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra nabaritzean, beldurra sartu zitzaion eta, urperatzen hasi zelarik, deiadar egin zuen: «Jauna, salba nazazu!». Berehala Jesusek eskua eman eta heldu zion, esanez: «Sinesmen txikiko hori! Zergatik izan duzu zalantza?». Ontzira igo zirenean, Haizea gelditu egin zen. Eta ontzian zeudenak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziren, esanez: «Egiaz Jainkoaren Semea zara Zu!».
Mateo 14, 22-33.
Betitik, gau iluna beldurgarria eta gutxienez kezkagarria gertatu ohi da. Gizona, argirik gabe eta erabateko iluntasunean, ez dago ezbeharrei aurre egiteko prestaturik. Gau iluna sinbolismoz jantzirik dago, bestalde. Bizitzako tristurak, oinazeak, atsekabeak, azalarazten den unea da. Nork ez ditu gogoratzen San Juan de la Cruzek izenburu horrekin idatzi zituen bertso zoragarriak?
Pasarte honetan Jesusen ikasleek gau iluna pasatzeaz gain, gogorra ere izan zutela agertzen da. Txalupa eskasa, itxaso txarrak, olatu handiak aireak astindurik. Egoera horretan, ez da harritzekoa beldurra izatea eta Jesus ikustean mamua zela ustea. Ur gainean oinez ibiltzen pertsona bat hurbiltzen ari zitzaiola, pentsatzea ere!
“Jauna, salba nazazu” Pedroren hitzak sarritan bihotzetik ateratzen zaizkigu gau iluna pasatzen ari garenean. Egoera larri horiek gure aldeko bihurtu behar ditugu eta lagungarriak egin, bizitza berrikusteko aukera paregabea eskaintzen baitute. Ausartuko gara?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments