HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 30

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Zeruetako erreinuarekin soroan ezkutatua dagoen altxorrarekin bezala gertatzen da. Norbaitek, aurkitzen duelarik, berriro ezkutatu egiten du eta, pozaren pozez joan, dituen guztiak saldu eta soro hura erosten du. Era berean, zeruetako erreinuarekin, harribitxi bila dabilen merkatariarekin bezala gertatzen da. Balio handiko bat aurkitzen duenean, joan, bere gauza guztiak saldu eta erosi egiten du. Era berean, zeruetako erreinuarekin itsasora bota eta mota guztietako arrainak biltzen dituen sarearekin bezala gertatzen da. Beterik dagoenean, bazterrera ateratzen dute eta, eseririk, onak saskira biltzen dituzte eta txarrak kanpora botatzen. Horrela gertatuko da munduaren azkenean: aingeruak etorri eta gaiztoak zintzoen artetik bereiziko dituzte eta su-labera botako. Han izango da negarra eta hortz-karraska!». Jesusek galdetu zien ikasleei: «Ulertu al duzue hau guztia?». «Bai», erantzun zioten. Eta Jesusek: «Beraz, zeruetako erreinuko ikasle egin den lege-maisua, bere altxorretik zaharrak eta berriak ateratzen dituen etxeko jaunaren antzekoa da».

Mateo 13, 44-52.

Soroan aurkitutako altxorra. Badira idazle greziar eta erromatarrak gai honetaz idatzi dutenak. Eta ez asmakizun literario soil bezala. Izango ziren han-hemen bila saiatzen zirenak, nondik edo handik zerbait baliotsua aurkitu asmoz: antzinako hiri baten inguruan-edo.

Espiritualtasuna ere bilaketa da, baliozko zerbait topatzeko itxaropena duenaren lana. Kasu honetan ere sakonera jo behar da eta, aurkitzen bada, giza-jakinduriaz eta gizatasunez aberastuko gara. Zenbaitentzat benetako jakinduria taxuzko helburua da. Beste askorentzat, ordea, ez. Nahiko zaie dutenarekin; zertarako gehiago! Non bilatu behar da, ba, giza-altxorra? Bilaketa bezain garrantzitsua da bizitzari adi egotea. Berak emango digu esperientzia, eta lur horretan bilatu behar da. Horrek lanketa eskatzen du. Espiritualtasuna aktiboa da: edozertan balioa eta zentzua egon daitekeela onartuta, aurkitzeko prest izaten jarraitzea.

Zerk ematen digu bizitzan zabaltasuna eta konfiantza?. Zertan sentitzen gara ongi sustraituak?

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude