HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 29
Aldi hartan, judu asko etorri zen Marta eta Mariagana, anaiarengatik doluminak ematera. Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, bidera atera zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen. Martak esan zion Jesusi: «Jauna, hemen izan bazina, gure anaia ez zen hilko. Hala ere, badakit eskatuko diozun guztia emango dizula Jainkoak». Jesusek erantzun zion: «Piztuko da zure anaia». Eta Martak: «Badakit piztuko dela azken egunean, hildakoen piztuerakoan». Jesusek esan zion orduan: «Ni naiz piztuera eta bizia; Nigan sinesten duena, hilik ere, biziko da, eta bizi dena, Nigan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hori?» Martak erantzun zion: «Bai, Jauna, sinesten dut Zu Mesias zarela, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena».
Joan 11, 19-27.
Lazaroren heriotza gertatu ostean, Jesus familia harengana joatean, “judu” asko omen zeuden. Jerusalemetik dolumina adieraztera etorriak izango ziren. Joanen ebanjelioan “juduak” aipatzen direnean Jesusen aurka zeudenak adierazi nahi da. Aurkari biziak, harrikatu eta atxilo hartu nahian zebiltzan haiek. Ba, horien aurrean duen jarrera eta portaera “influencer” batena bezalakoa litzateke. Lidergo erakusketa bat bezalakoa eman baitzuen, heriotza baten inguruan.
Martak Jesus datorrela jakitean, bidera ateratzen zaio ongietorria ematera. Poza hartu omen zuen jakitean adiskide hura bazetorrela esan ziotenean. Hala ere, gertakariak eragindako mina zela eta, kexa ere azaltzen dio. Geu ere geuretik atera eta Jainkoagana “hurbildu” gaitezke, seigarren zentzumen bat piztuta. Zein bidetatik sumatzen dut Kristo nigana datorrela? Zerk adierazten dit bidean dela?
Maria, bestalde, etxe inguruan eserita geratu zen doluminak ematera joandakoekin. Dolu-mezuak jasotzen jarraitzeak Mariari tristura sortu zion, nahiz dolu-emaileak zuriz jantzita hurbiltzen ziren. Erritu errepikakor eta astuna suertatzen zen. Minak ez gaitzala erantzunik gabe utzi.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments