HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 28
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Entzun ereilearen parabolaren esanahia: Erreinuaren hitza entzun bai, baina ulertzen ez duenari, Gaiztoak etorri eta kendu egiten dio bihotzean erein zaiona. Hori da bide-bazterrean ereindakoa. Harri artean ereindakoa hauxe da: hitza entzutean, berehala pozik hartzen duena; baina, sustrairik gabea eta iraupen gutxikoa izanik, hitza dela-eta estutasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, berehala huts egiten du. Sasi artean ereindakoa hauxe da: hitza entzun bai, baina mundu honetako ardurak eta diru-goseak ito egiten diote hitza, fruiturik gabe utziz. Lur onean ereindakoa, berriz, hauxe da: hitza entzun eta ulertzen duena. Honek fruitua ematen du: bateko ehun nahiz hirurogei nahiz hogeita hamar».
Mateo 13, 18-23.
Ereilearen eta haziaren parabolari arreta jartzeko esaten die Maisuak: “Entzun…”. Agindu nabarmena izanik ere, esanahi berezia du. Parabolaren zeharkako mezua hau da: aukerak izan edo galdu ditzakegu guregan gertatzen denari balioa ematen diogun neurrian.
Haziaren eraginkortasuna non geratu den kontuan hartuta, halakoa izango da: lurrean, sasi artean, utzia ala lur barnean sartua. Antzera gertatzen da Ebanjelioari ematen zaion harrerarekin, hau da, guretzat nola hartzen dugun: ispilu gisa ala beste testu bat bezala hartzen dugun. Ebanjelioa bihotz-barnean eta ez ideien zurrunbiloan kokatzeko da. Sakonera eramanez gero berriztagarri suerta daiteke; bestela, informazio soila izango da.
Ez dugu beti berdin hartzen Ebanjelioaren mezua. Bertako esanak dastatu eta barneratzeko dira, ez soilik irakurri eta ulertzeko. Dei edo oihartzun bezala hartzean eragingo digute. Noski, ez bat-batean, apurka-apurka baizik.
Berdintsu gertatzen da bizitzan datorkigun gauza bakoitzari nolako harrera ematen diogun: azalekoa, ala esanahia aurkitu nahi dugun. Gauzaz gauza nola gabiltzan: ikuspegi orokorretik ulertzeko bidea eginez, ala ez. Den guztiari balioa emateak Espiritualitatean sartuko gaitu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Sakonera eraman…
Benetan BIZITZEKO gako bikaina. Eskerrik asko!