HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 27
Aldi hartan, Jesusengana hurbildu eta galdetu zioten ikasleek: «Zergatik hitz egiten diezu parabola bidez?». Jesusek erantzun zien: «Zuei eman zaizue zeruetako erreinuaren misterioak ezagutzea; horiei, ordea, ez. Izan ere, duenari eman egingo zaio eta gainezka izango du; ez duenari, ordea, duen apurra ere kendu egingo zaio. Hona zergatik hitz egiten diedan parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dutelako; entzun bai, baina aditzen ez dutelako, ezta ulertzen ere. Horrela, Isaias Profetak esana betetzen da horiengan: Entzungo duzue, bai, baina ulertu ez; ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez. Izan ere, herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak, gortu belarriak, itsutu begiak…
Mateo 13, 10-17.
Ikasleak konturatu dira Jesusek irakasteko era aldatu duela. Lehen zuzenean bihotz-berritzea eskatzen zuen, eta Jainkoaren Erreinua hurbil zegoela aldarrikatzen. Baina orain ipuin-parabolak kontatzen ditu. Filosofo eta jakintsu asko –batez ere Ekialdekoak– bide horretaz baliatzen ziren beren irakaspenetarako. Oroit-errazak dira eta bakoitzak duen jakintza mailaren arabera ondoriozta daiteke ipuinak zer irakatsi nahi duen. Zentzua ateratzeko, zentzu-bila jarri behar da. Gainera, gauza arruntetan ere egiaren aztarnak badaude. Ez da, ba, harrigarria Jesusentzat hain garrantzitsua zen irakatsia hedatzeko ipuinak erabiltzea.
Txalupan eta jendearengandik urrun direla, irakaspen mota horren zergatiaz galdetzen diote Maisuari. Hark badaki bere adiskideek hasitako jarraipenean dena utzia dutela, eta pixkanaka aurreiritziak alboratzen ari direla.
Geuri ere hainbat pentsamendu erlijioso gustagarri zaizkigu, baina barneratzen ditugu, geure egiten ditugu? Irauten dute gugan hazi biziak bezala? Zein da hazia ernetzea zailtzen digun oztopoa?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments