HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 26
Egun hartan, Jesus etxetik irten eta itsasertzean eseri zen. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion inguruan, txalupa batera igo eta bertan eseri zen. Jende-taldea, berriz, hondartzan zegoen. Gauza asko esan zien, parabola bidez hitz eginez: «Behin batean, atera zen ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten. Beste zenbait ale harri artean erori zen, lur handirik ez zen lekuan, eta, lur axala izanik, berehala erne zen; baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiak, haztean, ito egin zuen hazia. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta fruitua eman zuten: bateko ehun nahiz hirurogei nahiz hogeita hamar. Belarririk duenak entzun beza».
Mateo 13, 1-9.
Dagoeneko fariseuak Maisuaren aurka jarri dira. Desagerrarazteko planak ere prestatzen dabiltza. Eta egoera nahasten hasia da, esan beharrekoak Jesusek tinko agertzen dituelako. Giro horretan, bere irakatsiak modu baketsuan hedatzea aukeratzen du.
Une hartan, Galileako itsas-lakuaren ertzean eserita, ez du hitz gogorretan sartzeko asmorik, ikasle-jarraitzaileei eta jende taldeari prestakuntza espirituala eman nahi die. Ikuspegi profetikoa duten parabolak kontatzen dizkie. Eta hara non, jendetza biltzen den. Eraso baten arriskutik aldentzeko txalupara igo eta ikasle gutxi batzuekin jendearengandik urruntzea erabakitzen du. Oraindik fariseuek ez dute lortu jendearen entzuteko gogoa indargabetzea.
Eta Jainkoaz errazago mintzatzeko, parabolak kontatzen hasten zaie. Ikasi nahi dutenentzat parabolak esanguratsuak dira; ikasi nahi ez dutenentzat, berriz, ipuin inozoak eta zentzugabeak.
Hazia bezala omen dugu ereinda Jainkoa gure barnean. Nork ereinda? Jesukristok. Jainkoa gure baitan ernetzen den barne-presentzia bezala onartu genezake. Ez da beti Jesukristok ereina; besteek eta bizipenek ere egiten dute ereile lana. Zeuk ere bai, besteentzat.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Hazia bezela ereinda gure barruan…
Interpretazio polita, amaierakoa, gerorrek ere ereile lanak egiteko…
Eskerrik asko!