HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 25
Aldi hartan, zebedeotarren ama hurbildu zitzaion Jesusi bere semeekin eta aurrean ahuspeztu, eskari bat egiteko. Jesusek galdetu zion: «Zer nahi duzu?». Eta hark: «Agindu ezazu nire bi seme hauek, eser daitezela zure erreinuan bata zure eskuinean eta bestea zure ezkerrean». Eta Jesusek: «Ez dakizue zer eskatzen duzuen. Gauza al zarete Nik edan behar dudan kalizatik edateko?». Erantzun zioten: «Bai, gauza gara!». Jesusek orduan: «Nire kalizatik edan, bai, edango duzue; baina nire ezker-eskuin esertze hori, ez dago nire esku inori ematea; nire Aitak norentzat prestatua duen, hari emango zaio». Beste hamarrak, hori entzutean, biziki haserretu ziren bi anaiekin. Baina Jesusek dei egin eta esan zien: «Badakizue herrietako agintariek menpean hartzen dituztela herriak, eta handikiek beren agintea ezartzen dietela. Ez bedi izan horrela zuen artean; baizik eta zuen artean handi izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi zuen morroi. Gizonaren Semea ere ez baita etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, eta bere bizia askoren ordainsari ematera».
Mateo 20, 20-28
Aurretik Jesusek esana zien ikasleei hamabi aulkitan jezarriko zirela Israelgo hamabi leinuak epaitzera. Hori jakinda, Santiago eta Joanen ama semeen aldeko eskaera egitera aurkeztu zen Jesusi gurtza emanez, errege bati egiten zitzaion bezala.
Jesusen erantzuna zuzena da: «Zer nahi duzu?». Agian, semeek eskaria aurkeztera ausartzen ez zirelako joan zen ama, haiek baino azkarrago lortuko zuelakoan.
Abantailak eta erraztasunak gogoko zituzten; Jesusek, ezten sarkorra: «Ez dakizue zer eskatzen duzuen». Tristeziaz beteko esaldia izan daiteke; ez aurpegira jaurtikitako zartakoa. Zeren Erreinura hurbilduko dira zailtasunak eta ulertzen zailak diren egoerak jasatea onartzen badute. Eta hala gertatuko zen: Jesusen bidea jarraitzeagatik, Santiago lehen martiria izan zen. Eta Joan, zartatua izan ostean, Patmos uhartera kanporatua, erbesteratua izan zen.
“Kalizatik edan”. Herrialde batzuetako ohitura zen epaitutakoei heriotza eragiteko kalizatik edari pozoitsua edanaraztea.
Ebanjelioetan maitasuna gauzatzea sustatzen denez, berekin darama zailtasunak edo ondoezak ezagutzea ere. Eskatzeak baino, emateko joerak egingo gaitu gero eta askeago.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments