HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 23

Aldi hartan, parabola hau esan zion Jesusek jendeari: «Zeruetako erreinuarekin gizon batek soroan hazi ona erein zuenean bezala gertatzen da. Jendea lo zegoela, etorri zen etsaia eta gari artean iraka erein zuen eta alde egin. Garia hazi eta burutu zenean, han azaldu zen iraka ere. Joan ziren, orduan, morroiak etxeko nagusiagana eta esan zioten: “Jauna, ez al zenuen hazi ona erein soroan? Nondik dator, bada, iraka?”. Nagusiak erantzun zien: “Etsaiaren lana da hori”. Morroiek, orduan: “Joango al gara iraka biltzera?”. Eta nagusiak: “Ez! Ez dadila gerta, iraka biltzean garia ere ateratzea. Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi arte; orduan, igitariei esango diet: bildu lehendabizi iraka, lotu balatan eta erre; garia, berriz, jaso nire mandiora”». Jesusek beste parabola hau esan zion jendeari: «Zeruetako erreinua gizon batek soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da. Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten denean, beste barazki guztiak baino handiago egiten da eta zuhaitz bihurtzen, txoriek etorri eta haren adarretan habiak egiteko moduko zuhaitz». Beste parabola hau ere esan zion jendeari: «Zeruetako erreinua legamiaren antzekoa da: emakume batek hiru lakari-irinetan nahasten du, eta ore guztia harrotzen da». Irakaspen hau guztia parabola bidez eman zion Jesusek jendeari, eta ez zien ezer irakasten parabola bidez izan ezik. Honela bete zen Jainkoak profetaren bidez esana: «Parabola bidez mintzatuko naiz, munduaren hasieratik gordea zegoena azalduko dut». Ondoren, jendea agurturik, etxera joan zen Jesus. Orduan, ikasleak hurbildu zitzaizkion, esanez: «Argi iezaguzu soroko irakaren parabola». Jesusek erantzun zien: «Hazi ona ereiten duena Gizonaren Semea da; soroa mundua; hazi ona erreinuko seme-alabak dira; iraka, berriz, gaiztoarenak; iraka erein duen etsaia deabrua da; uzta munduaren azkena, eta uzta-biltzaileak aingeruak. Iraka bildu eta suan erretzen den bezala, hala gertatuko da munduaren azkenean ere. Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu, eta haren erreinutik bereizi egingo dituzte gaizkileak eta besterentzat gaizpide izan direnak, eta su-labera botako dituzte. Han izango da negarra eta hortz-karraska! Orduan, zintzoek eguzkiak bezala egingo dute distira beren Aitaren erreinuan. Belarririk duenak aditu beza».

Mateo 13, 24-43.

Jesusek, Jainkoak guretzat duen proiektua nola gauzatuz doan azaltzeko, jendeak egunero ikusten zituen gauzak erabiltzen zituen, gauza horiek interpretatzeko giltzak emanda. Eta guk ere, Jesusen jarraitzaileak izan nahi badugu, gauza bera egin dezakegu, gure errealitateari begiratu eta Jesusen irizpideak erabiliz interpretatu.

Horrela, Jainkoaren proiektua eta haren kontra dauden indarrak elkarrekin hazten direla ikusiko dugu, noizean behin bereiztea ere zaila delarik. Ikusiko dugu, era berean, Jainkoaren proiektuak ezerezaren itxura duela sarritan, hazi txikiegia dela, alegia; baina, azkenean, gainerako guztiak gainditzen dituela ere ikusiko dugu. Konturatuko gara, bestalde, Jainkoaren proiektua kutsakorra dela, tantatxo batzuk han eta hemen errotzen direnean, handik gutxira inguru osoa hartzen dutela, irin hutsa ogitarako ore bihurtuta…

Interpretazio zuzena egiteko, ordea, Jesusen ondoan egon behar gara. Haren ondoan errealitatea aztertzen eta interpretatzen ikasiko dugu. Inork ez digu erabakitzeko beharra kenduko, baina Jesusekiko harremanari eutsiz gero, Jainkoaren proiektuko langileak izango gara beti.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude