HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 22
Asteko lehen-egunean, Maria Magdalena hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. Orduan, Simon Pedrogana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri duten». Maria hilobi ondoan zegoen, kanpoan, negarrez. Eta, negarrez zegoela, hilobirantz makurtu zen eta bi aingeru ikusi zituen, zuriz jantziak, Jesusen gorpua egon zen lekuan eserita, bata burualdean eta bestea oinetan. Aingeruek esan zioten: «Zer duzu negarrez, emakume?». Hark erantzun zien: «Nire Jauna eraman dute, eta ez dakit non ipini duten». Hau esan eta berehala, atzera itzuli eta Jesus ikusi zuen zutik, baina ez zen konturatu Jesus zela. Jesusek esan zion: «Zer duzu negarrez, emakume? Noren bila zabiltza?». Hark, baratzezaina zelakoan, esan zion: «Jauna, zuk eraman baduzu, esadazu non ipini duzun, eta nik jasoko dut». Jesusek esan zion: «Maria!». Honek, hurbilduz, esan zion hebreeraz: «Rabbuni!» (hau da, «Maisu!»). Jesusek esan zion: «Utz nazazu, oraindik ez bainaiz Aitagana igo. Zoaz nire senideengana eta esaiezu: “Neure Aitagana eta zuen Aitagana noa, neure Jainkoagana eta zuen Jainkoagana”». Joan zen Maria Magdalena, eta berri hau eman zien ikasleei: «Jauna ikusi dut, eta hau eta hau esan dit».
Joan 20, 1-2. 11-18.
Agian guk ere Jesus bizirik dagoela ikus genezake. Magdalako Mariak bezala errukia praktikan jar genezake —hark zuzenean Jesus gurutziltzatuarekin egin zuen hori; guk bere ordezkoekin, hau da, gaurko gurutziltzatuekin egin dezakegu—, Magdalako Mariak bezala lan horren gorabeherak komunitateko gainerakoekin partekatu ahal ditugu…
Litekeena da, orduan, Jainkoak, nola edo hala, oraindik ere esperantza posiblea dela adieraztea —ziurrenik ez dugu aingerurik ikusiko, baina interpretatzen jakinez gero, dena ez dagoela galduta kontura gintezke—. Eta tematzen bagara —“esan non jarri duzuen eta neuk jasoko dut”—, beharbada Jesusek berak zure, nire, gutako bakoitzaren izena argi eta garbi ahoskatuko du, “Maria”; eta ezagutu egingo dugu.
Halakorik gertatzen bada —eta zerbitzatu nahi izanez gero, Jesusekiko harreman pertsonalari eutsiz gero, gerta liteke— itzul gaitezen lagunengana eta konta diezaiegun, haiek ere ikusi ahal izan dezaten.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments