HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 21
Aldi hartan, larunbatean gari-soroetan barrena zihoan Jesus. Ikasleak goseak zeuden eta galburuak moztu eta jaten hasi ziren. Hori ikustean, fariseuek esan zioten Jesusi: «Begira, larunbatez zilegi ez dena egiten ari dira zure ikasleak». Hark erantzun: «Ez al duzue irakurri zer egin zuen Davidek, bera eta lagunak goseak gertatu ziren batean? Nola Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskainiriko ogiak jan zituzten, legez ez berak ez beraren lagunek, baizik eta apaizek bakarrik jan zitzaketenak? Edota ez al duzue irakurri Moisesen legean apaizek larunbatero hausten dutela tenpluan atseden-legea, horregatik errudun izan gabe? Ba, Nik diotsuet: bada hemen tenplua baino gehiago den norbait. Ulertu bazenute zer esan nahi duen Jainkoak esandako honek: “Nahiago dut errukia sakrifizioak baino”, ez zenituzketen errugabeok gaitzetsiko. Zeren Gizonaren Semea larunbataren nagusi baita».
Mateo 12, 1-8.
Jesusen lagunei egiten zaien kritika ez da sortzen gehiegi jaten dutelako, ezta besterena hartzen dutelako ere, larunbataren araua hautsi dutelako baizik. Guretzat arau arrotza da, ez dugu ulertzen, besteak beste bizi izan ez dugulako. Baina badira beste arau batzuk, sakratutzat jotzen ditugunak. Eta arau horien bidez, paperik ez duten migratzaileak gosez edo itota hiltzera kondenatzen ditugu, “merkatuak” eskatzen dituen prezioak ordaintzeko gai ez direnak bizilekurik gabe geratzen dira eta segurtasunaren izenean kanpotik etorritakoei oinarrizko eskubideak urratzen zaizkie.
Jesusek, berriz, balore sakratuok baino, nahiago du ondorioak sufritzen dituztenen alde jarri. Atzerritarrei buruzko legea baino, nahiago du errukia. Merkatuaren “askatasuna” baino, nahiago du errukia, alegiazko segurtasuna baino, nahiago du errukia.
Eta Jesusi jarraitu nahi badiogu, gauza bera egin beharko dugu: errukia behar duten errugabe horiek gaitzetsi gabe, euren giza eskubideak bermatzen saiatu, geure lana eta aukeratzen ditugunak kontuz aukeratuz. Eta hori guztia kontzientzia lasai dugula egingo dugu, Jesus larunbataren jauna baita.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments