HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 18
Aldi hartan, Jesus miraririk gehienak egin zitueneko herriak gaitzesten hasi zen, bihotz-berritu ez zirelako: «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon hiri jentiletan zuengan bezainbeste mirari gertatu izan balitz, bihotz-berrituak ziratekeen aspaldi, dolujantziz eta hautsez estalirik. Horregatik, hau diotsuet: auzi-egunean, zigor bigunagoa izango dute Tirok eta Sidonek, zuek baino. Eta zu, Kafarnaum, zeruraino altxatuko zarela? Lurraren barreneraino eroriko zara! Izan ere, zuregan bezainbeste mirari gertatu izan balitz Sodoman, gaurdaino iraungo zukeen. Horregatik, hau diotsuet: auziegunean, zigor bigunagoa izango du Sodomak, zuk baino».
Mateo 11, 20-34.
Eta guri zer? Erreferentzia horiek guztiak ez dira gureak eta ez ditugu mirari haiek ikusi. Baina horrela pentsatuz gero, oker gabiltza. Jesusen mirariak ez ziren naturaren legeen kontrako ikuskizun harrigarriak, Jainkoak nahi zuenaren seinaleak baizik. Haren ustez gaixotasunak ez ziren zigorrak, gizakiek sufritzen zituzten kalte‑bazterkeriak baizik; deabruak ez ziren mamu gaiztoak, ezpada gizakiak menderatzen dituzten indar kaltegarriak…
Guk ez al dugu gaitzik nabaritzen? Emakume bat jotzen dutenean, senar-emazteen gauzak direla esango dugu ala gizarte harremanak aldatu behar ditugula pentsatuko dugu? Gure kaleetan larru ilunagoko jendea ikustean, lana kentzera eta lapurtzera datozela pentsatu eta beste espaloira joango gara ala gosetik eta indarkeriatik ihesi datozen neba‑arrebatzat besarkatuko ditugu?
Eta ez dugu miraririk ikusi? Baztertuta, bakarrik edo zapalduta bizi direnen alde dirua, denbora eta ahalegina jartzen dituztenen elkartasuna ez al da miraria? So egin diezaiogun berriz ere gure inguruari eta ebanjelioaren pasarte hau bigarren aldiz irakurri.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments