HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 17

Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Ez uste izan munduari bakea ekartzera etorria naizenik; bakea ez, baizik banaketa ekartzera etorria naiz. Bai, semea aitagandik banatzera etorri naiz, alaba amagandik eta erraina amaginarrebagandik banatzera. Eta nork bere etxekoak izango ditu etsai. Aita nahiz ama Ni baino maiteago duena ez da niretzat gai; semea nahiz alaba Ni baino maiteago duena ez da niretzat gai. Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana ez da niretzat gai. Bere biziaren jabe izan nahian dabilenak galdu egingo du; bere bizia nigatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du. Zuek onartzen zaituztenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak bidali nauena onartzen du. Profeta bat, profeta delako, onartzen duenak profetari zor zaion saria izango du, eta pertsona zuzen bat, zuzena delako, onartzen duenak pertsona zuzenari zor zaion saria izango du; eta txiki hauetako bati, nire ikasle delako, baso bat ur fresko besterik ez bada ere ematen diona, benetan diotsuet ez dela saririk gabe geldituko». Hamabi ikasleei argibide hauek ematen amaitu zuenean, joan egin zen Jesus handik, herri haietan irakastera eta mezua hots egitera.

Mateo 10, 34 – 11, 1.

Mateoren ebanjelioko zati honetan Jesusen heriotzaren ondoren zer gertatu zen deskribatzen zaigu. Ikasleetako batzuk Jesus bizirik zegoela eta, beraz, Jainkoak zuzen zebilela adierazia zuela esaten hasi ziren; eta horrek Jesusek izan zituen arazo berberak eragin zizkien ikasle horiei: Jesusek aldarrikatzen zituen baloreen kontrako interesak zituztenen erasoa, sarri askotan norberaren inguru hurbil‑hurbiletik zetorrena.

Gure garaian ere ez da gauza bera gertatzen ala? Jesusen ideiak zabaltzen baditugu, berak defendatzen zituenak defendatzen baditugu, salatzen zituen gauzak salatzen baditugu… Jesusen arazo berberak izango ditugu: inuzente utopiko hutsak garela esango dute, gutxienez, eta, kasurik txarrenean, Jesus bezala hilko gaituzte. Ez litzateke lehen aldia izango, guztiok dakigunez.

Jesusek, hala ere, bidea horixe dela diosku. Izan dezagun konfiantza Jainkoagan; Jesusi jarraitzeak arazoak eragingo dizkigu, baina Aita gurekin egongo da, gure lanaren euskarri, eta ahaleginak saria izango du. Zabal dezagun bada, askatasun, duintasun eta maitasunezko gizarte berriaren aldeko oihua, sariaren parte bat behintzat bidea bera da‑eta.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude