Giza harremanak zahurgarritasunaren erdian

2023 Uzt 13

Izenburua: Aisha
Zuzendaria: Frank Berry
Urtea: 2022
Herrialdea: Irlanda

Aisha Osagie nigeriarra Irlandan asilo eske bizi da jaioterrian sufritutako biolentzia eta abusuengandik ihesi. Egoera horretan dauden pertsonen ziurgabetasun eta zahurgarritasuna azaltzen ditu Frank Berry zuzendariaren filmak, baina diskurtso politikorik egin gabe. Itxaronaldiak, lan egiteko baimenak, burokrazia, egoitza batetik bestera lekualdaketak, gobernuko ordezkariekin elkarrizketak eta abar gertutik erakusten dizkigu, eta horrek ezinbestean du denuntziatik zeozer. Aisharen errebeldia ulertuko dugu eta itxaropenik gabeko uneetan samina eta frustrazioa kutsatuko dizkigu. Baina zuzendariaren borondatea ez da ideologikoa.

Filmaren mamia pertsonen arteko harremanak dira. Aishak oso pertsona desberdinak aurkituko ditu inguruan: inolako humanitaterik erakusten ez duen zaintzailea, profesionala izateko itxurak egin arren kupidarik gabe sufrimendua eragiten duen egoitza-zuzendaria, elkar laguntzen duten errefuxiatuak, asilo prozesuan begirunez ari diren gizarte langile eta arduradunak, Aisharen ongizatearengatik zintzoki kezkatzen den estetika zentroko jabea; ezjakintasunez eta modu friboloan galderak egiten dizkioten asmo txarrik gabeko bezeroak…

Batez ere amodio istorio hunkigarri baten lekuko izango gara. Bizitzan hainbat zauri jasan dituzten pertsonen arteko maitasuna da Aisha eta Connorren artekoa: Aishak bortxa eta hilketa ezagutu ditu Afrikako txirotasunean; Connorrek drogak, delinkuentzia eta kartzela Europa zaharrean. Gutxinaka garatzen doan amodioa, ez pasio pelikuleroa: errespetutik, isiltasunetik, giza babesetik, humanitate beharretik, akonpainamendu hutsetik sortzen den elkarrekiko lotura inperfektua.

Aishak egunero errezatzen dio Jainkoari eta bere mandatuak zintzo betetzen saiatzen da. Asilo eskatzaileentzako zentroan halal haragi zertifikatua jateko egin beharko dituen esfortzuak, horren lekuko. Ikusleok Jainkoaren berotasuna eta indarra opa dizkiogu, zailtasunen gainetik, Irlandan bizitzeko behar duen babesa lortu dezan; baina, batez ere, Connorrekin sortu duen harreman eder horri eutsi ahal izan diezaion, maitasun horretan jartzen dugu itxaropena.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude