Kulturaren eta fedearen arteko lurralde labirintikoa amaigabeko eta nahitaezko harreman korapilatsua da, beti atezuan, beti elkarri mokoka, beti elkarren beharrean. Gaurko sinestunok, beste edozein garaitakoak bezala, lursail horren barnean gabiltza, alderrai.
Elizaren barneko eztabaidetan ez dago proposamen faltarik: ideia asko, sarri askotan kontrajarriak. Gurea bezalako lurraldeetan, behinik behin, zorroan harrabots asko, baina intxaur gutxi.
Telebistako Disney kanalean gazteen eta Aita Santuaren arteko elkarrizketa luzea proposamen egokia iruditu zait, gazteen lurralde labirintikoaren barnean ibiltzeko, hain zuen.
Susmatzen dut elkarrizketa horren gakoetako bat umorea dela.
Umore hori ez da errealitatetik alde egiteko estrategia, errealitatean kokatzeko fede-jarrera baizik. Aita Santuaren umoreak ez du inor destainaz tratatzen, ez du inor iraintzen, ez du inor txarto sentiarazi nahi; umore hori ez da eszeptizismoaren isla edo etsipenaren garrasia, errealitate korapilatsu eta lazgarriari enpatiaz eta maitasunez begiratzeko modua baizik.
Baten batek kritikatuko du bide horretatik ez goazela inora eta autoritateak sendoagoa eta argiagoa izan behar duela. Baliteke. Ez dakit. Baina, oraingo garaietako lurralde labirintikoak zeharkatzeko, Frantziskoren estiloari ebanjelioaren (berri on baten) usain gozoa dariola deritzot.
Ebangelioaren usain gozoa dario…