HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 9
Aldi hartan, Jesusek esan zuen: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jende xumeari agertu baitizkiozu. Bai, Aita, hala izan duzu gogoko. Nire Aitak dena eman dit, eta ez du inork Semea ezagutzen, Aitak baizik; ezta Aita ere, Semeak baizik, eta Semeak agertu nahi dionak baizik. Zatozte nigana nekatu eta zamatu guztiok, eta Nik arinduko zaituztet. Hartzazue nire uztarria eta ikasi nigandik, gozoa eta bihotz-apala bainaiz, eta aurkituko duzue zeuen arimentzako atsedena. Nire uztarria leuna baita, eta nire zama arina».
Mateo 11, 25-30.
Jesusek Jainkoa bedeinkatzeko esaten dituen “gauza hauek” zer esan nahi dute? Berarengan begiak ipintzen baditugu, Jesusen barne ezagutza badugu: errukia, harrera, justizia, ontasuna, barkamena, gertutasuna eta antzeko gauzak izan daitezke.
Hainbat mezu jaso ditzakegu pasarte honetan:
Bere burua galduta, nekatuta, zamatuta, estututa antzematen duenak Jainkoarengan atsedena aurkitzeko aukera izango du.
Jaungoikoaren erreinuaren dinamikan sartzeak apaltasuna eskatzen du, besteen onura norberaren gainetik lehenestea dakar, entzuteko gaitasun sakona eta doakotasuna eskatzen ditu.
Eska diezaiogun Jaunari lagun diezagula pertsona xumeak izaten, eguneroko bizitzako gauza txikiez gozatzen dutenak, ahaleginez, pozez eta ilusioz lan egiten dutenak mundu bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzeko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments