HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 6
Aldi hartan, Jesus txalupara igo, itsasoaz bestaldera igaro eta bere herrira etorri zen. Hortan, elbarri bat ekarri zioten, ohatilan etzana. Jesusek, lagun haien sinesmena ikusirik, esan zion elbarriari: «Izan bihotz, seme! Barkatuak dituzu bekatuak». Orduan, lege-maisu batzuek hau zioten beren baitan: «Biraoka ari duk hau». Baina Jesusek, haien burutapenei antzemanik, esan zien: «Zergatik dituzue burutapen gaizto horiek zeuen baitan? Zer da errazago, “barkatuak dituzu bekatuak” esatea ala “jaiki eta zabiltza” esatea? Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena. Orduan, esan zion elbarriari: “Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera!”» Hura jaiki eta etxera joan zen. Hau ikustean, izuturik gelditu zen jendea eta Jainkoa goresten zuten, gizakiei horrenbesteko ahalmena eman zielako.
Mateo 9, 1-8.
Eszena honetan, Jesus autoritate handiarekin agertzen zaigu. Alde batetik, pekatuak barkatzeko ahalmenarekin. Gaizkiaren aurrean, Jesusek pertsonari beste aukera bat ematen dio, bizitzan beste modu batez jokatzeko. Bestalde, egoera horretan elbarrituari on egiten dio. Jesusen autoritate horren aurrean, erreakzio desberdinak ikus ditzakegu: elbarrituari egindako onagatik jendeak Jainkoa miresten eta goresten du; lege-maisuek, berriz, Jesusek egindako keinua salatu egiten dute biraoa dela esanez.
Sakondu dezagun gure eguneroko bizitzan dugun jarreran eta entzun dezagun Jesusen galdera: Zer da errazago “barkatuak dituzu bekatuak” esatea ala “jaiki eta zabiltza” esatea?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments