Garai modernoetako santarik handiena (Pio Xa)

2023 Uzt 6

UNESCOren, hots, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Kontseilu Exekutiboak 2022-23 urteetan hirurogei pertsonalitateren urtemugak ospatzea proposatu zuen. Hirurogei pertsonalitate horien artean Lisieuxko santa Teresa dago, haren jaiotzaren 150. urtemugan.Zer dela eta hautatu du Santa Teresita Hezkuntza, Zientzia eta Kulturaz arduratzen den NBEaren agentzia laiko batek? Bada, Ikasketarik gabe eta 24 urte zituela, klausurako karmeldar moja gazte  horrek erlijio-aurrerapen adierazgarriak maisuki (doktoreki) azaldu zizkigulako, zeinek gaur egun, guztiz onuragarriak izaten baitzazaizkigu, ez soilik erlijio-arloan, hezkuntza-, zientzia- eta kultura-arloetan ere.

Izan ere, Lisieuxko Teresitak mende luzeetan indarrean egon den Jainkoaren irudia eta irudi horren ondorioko esperientzia aldatu egin zituen, nahiz irudi eta ondorio zaharkitu ez gutxik gaurdaino ere irauten duten: ‘Jainko maitea, ordu zen noizbait lagunak egin gintezen’ kexatzen zen, 1974. urtearen inguruan, Xalbador bertsolaria.

Laburra izan behar duen ohar honetan, Lisieuxko Teresitaren erlijiositatearen ezaugarri nire ustezko nagusi batzuk azpimarratu nahi ditut.

Lehena: Santa Teresitarentzat Jainkoaren agerpen nagusia maitasuna da eta ez justizia, jansenistek eta gaurko predikari ez gutxik aldarrikatu ohi dutenaren arabera. Hori dela eta, kristauen Jainkoaren irudirik hurbilena ez da, ohiko dugun ‘epaile’ batena, ‘aita’ batena baizik (Lk 11, 2; 15, 11-32 ): “Horrela Jainko onaren atributu guztiak agertzen zaizkit maitasunez argitsu, Justizia bera ere (eta, agian, beste edozein baino areago) maitasunez jantzia  iruditzen zait” (A. Eskuizkribu). Hortik abiatuta, argi dago kristauok seme-alabatzat bizi behar dugu, eta ez zerbitzaritzat (Erm 8, 17).

Bigarrena: Hori dela eta, Jainkoaren justiziari bere burua eskaini beharrean, Teresitak bere burua Jainkoaren maitasunari eskaini zion: “Hona hemen, Jainkoaren zuzentasunari (justiziari) buruz pentsatzen dudana, nire bidea dena konfiantza eta maitasunezkoa da, ez ditut hain adiskide samurraren beldur diren arimak ulertzen.  Batzuetan obra izpiritualetan santutasuna mila zailtasun korapilatsuren bidez eta irudipen multzo batez inguraturik, aurkezten dela irakurtzen dudanean, nire espiritu gaixoa berehala nekatzen da eta burua hausten eta bihotz lehortzen didan jakinduriazko liburua itxi eta Eskritura Santua hartzen dut eskuetan. Orduan, den-dena argitsua iruditzen zait hitz bakar batek amaigabeko itsasertza agertzen dio nire arimari, santutasuna, erraza egiten zait; norbere ezereza onartu eta haurtxo baten antzera Jainko onaren besoetan burua uztea nahiko dela ikusten dut”. (Aita Roulland-i 1897ko maiatzak 9ko gutuna). Beraz, kristauok arduratuago egon behar dugu Jainkoa maitatzeaz bekatua saihesteaz baino.

Hirugarrena: Maitasun dinamika horretan, ohartu beharko genuke erlijiositatean iniziatiba ez dagokigula gizakioi, beti aurreratzen zaigun Jainkoari baizik. “Ez ninduzuen zuek ni aukeratu, neuk zintuztedan zeuek aukeratu” (Jn 15, 16). Sakonean, gizaki erlijiosoen izaerarik egiazkoena ez da ‘heroi’ batena, ‘seme edo alaba’ batena baizik. Harrigarria arlo horretan Santa Teresitaren ‘igogailu’aren metafora: “Ene Ama, beti nahi izan dut santa izatea. Baina ai!…  txikiegia naiz Jesusengainaino… santutasunaren eskailera latza igotzeko. Orduan Liburu Santuetan, neure gogoaren helburua den igogailuaren seinale bila aritu naiz… Zerura jaso behar nauen igogailua Jainkoaren besoak dira”. (C Eskuizkribua, 2).

Laugarrena: Esku hutsik. Maitasun esparruan, erlijiositatearen gakoa ez da Jainkoaren eta gizakien arteko truke komertzial bat: do ur des, edo obra ‘onak’ zein sakrifizio mingarriak metatzea, Jainkoaren maitasunean konfiantza osoa izatea baizik[1]: “Nik esaten nion, Hau zoritxarra! Nire heriotz unean ez dut ezer izango Jainko onari emateko, eskuak hutsik ditut eta! Horrek tristura handia sortzen du.  Hara, bada, ez zara egoera berberean aurkitzen den ‘haurtxoa’  bezalakoa, San Pauloren egintza guziak egin banitu ere, ‘zerbitzari  ezereza’ naizela izaten jarraituko nuke; baina esku hutsik edukitzea  uste izango nuke; baina, hori da, hain zuzen ere, nire poz-iturria ezer eduki ezik, guztia Jainko onarengandik hartuko dut·. (Azken Elkarrizketak, ekainak 23) eta “Neure buruaren eskaintza osozko oparitzat Jainko Onaren Maitasun Errukitsuari” otoitzean: “Nire Salbatzaile eta nire Senartzat zeure Semea emateraino maite izan nauzunez gero, Haren merituen altxor azkengabeak neureak ditut, pozik eskaintzen dizkizut, Jesusen aurpegiaren zehar eta beronen Maitasun sugarrezko Bihotzean baino ez nazazula begira eskatzen dizudala”.

Bosgarrena. Konfiantza- eta maitasun-erlijiositatean, Jainkoaren eta gizakien arteko konpromisoak edo erlazioak ez dira txikiagoak, ez bigunagoak izaten , beldur-,  morrontza-edo komertzio-erlijiositatekoak baino. Alderantziz. Maitasunak beti  eskatzen digu gehiago beldurrak baino. Maitasun- eta beldur- edo morrontza-erlijiositateen arteko diferentzia ez dago kantitatean, kalitatean baizik: “Gugan dagoen guztia egin behar da, neurririk gabe eman, etengabe uko egin. Hitz batez, gure maitasuna frogatzea gure esku dauden  obra guztien bidez… Horra zer espero duten haurtzaroko bidean ‘korrika’ egiten duten arima txikiek: ‘korrika’ esaten dut, eta ez ‘atseden’.  (Aholkuak eta oroitzapenak II). Denok, Jainkoak barne, gurago dugu maitasunez egiten dizkiguten eskaintzak, beldurrez edo komertzio-asmoz egiten dizkigutenak baino. Maitasunak gehiago eta hobeto humanizatzen (santifikatzen, zoriontsu egiten)  gaitu beldurrak baino, erlijiositate baten kalitatea neurtzeko algodoi-froga.[2]

[1] “Seme, zu beti nirekin zaude, eta nire guztia zurea duzu!” (Lk 15, 31)

[2] Erlijiositatearen azken ebaluazio-irizpidea da pertsona ea bultzatzen duen”. ESTRADA, J. A, ¿Qué decimos cuando hablamos de Dios? La fe en una cultura escéptica, Trotta. Madrid, 2015, 122. or. MOINGT, J., Dios que viene al hombre, Sigueme, Salamanca, 2007, 278. or.

 

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude