HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 5
Aldi hartan, Jesus beste itsasertzera, gerasatarren lurraldera, iritsi zenean, bi deabrudun irten zitzaizkion bidera, hilobi artetik aterata. Hain baitziren gaiztoak, ez zen inor ausartzen bide hartatik ibiltzen. Deiadarka esan zioten: «Zer duzu gurekin, Jainkoaren Seme horrek? Garaia baino lehen guri oinaze ematera etorri al zara?». Handik urrutira gabe, txerri-talde handi bat zebilen uxarrean, eta deabruek eskatu zioten Jesusi: «Botatzekotan, bidal gaitzazu txerri-taldera». Jesusek esan zien: «Zoazte!». Haiek atera eta txerrietan sartu ziren, eta txerri-talde osoa ezpondan behera itsasora amildu zen eta urean ito. Txerrizainek ihes egin zuten eta, hirira joanik, dena kontatu zuten, baita deabrudunei gertatua ere. Orduan, herri osoa atera zen Jesusengana eta, ikusi zutenean, beren lur-mugetatik alde egiteko eskatu zioten.
Mateo 8, 28-34.
Jesus eta bere ikasleak beste itsasertzera doaz. Eta bertan azaltzen den testuingurua erabat desberdina dela konturatzea erraza da. Juduen pentsamoldea kontuan izanik, hemen azaltzen den eszenak eskualde zikina eta kutsatua dela agertzen digu (deabrudunak, hilobiak, txerriak).
“Etsaitasunezko” testuinguru horren erdian, Jesusek gaizkiaren aurka borrokatzen, pertsonak gaixotasunetik eta bazterketatik erreskatatzen dituela argi eta garbi ikus dezakegu. Jainkoaren erreinuaren balioak (justizia, ontasuna, anaitasuna) muga geografiko eta erlijiosoetatik haratago hedatzen direla agertzen digu.
Jesusen jarraitzaileok gonbidapen argi bat dugu: Elkar gaitezen humanizazioaren alde lan egiten ari diren guztiekin eta jarrai dezagun Jesusen modura eguneroko bizitzan jokatzen.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments