HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 2

Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Aita nahiz ama Ni baino maiteago duena ez da niretzat gai; semea nahiz alaba Ni baino maiteago duena ez da niretzat gai. Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana ez da niretzat gai. Bere biziaren jabe izan nahian dabilenak galdu egingo du; bere bizia nigatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du. Zuek onartzen zaituztenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak bidali nauena onartzen du. Profeta bat, profeta delako, onartzen duenak profetari zor zaion saria izango du, eta persona zuzen bat, zuzena delako, onartzen duenak pertsona zuzenari zor zaion saria izango du; eta txiki hauetako bati, nire ikasle delako, baso bat ur fresko besterik ez bada ere ematen diona, benetan diotsuet ez dela saririk gabe geldituko».

Mateo 10, 37-42.

Gaurko testua Mateoren ebanjelioaren zati bateko amaiera da eta, nolabait, mezuan nabaritzen da. Berari jarraitzen diotenei, berak azaltzen duen bizitza berri baten arrastoak zer suposatzen duen garbi azaldu nahi die. Ez da itxurakeria bat, baizik eta eskakizun sakonak ditu. Lehentasun kontua. Noski, aita eta ama, semea nahiz alaba, maitatu behar dira; gakoa dago maitasun horren oinarria non jartzen den. Ezin du izan maitasun berekoi bat, zabala, irekia, ikuspegia haratago eramaten duena, baizik, bihotza itxituran utzi gabe. Jesusen mezutik sortzen den maitasuna ez da giltzapetzen duena, askatzen eta hazten duena, baizik. Eta, horregatik, sakonagoa, eragileagoa gertatzen da. Ez da norberan, ez da norberarenetan gelditzen, baizik eta, besteengana zabaltzen da keinu txikienetan  bada ere. Jesusek erakusten digu itotzen ez duen maitasuna nola gauzatzen den. Askatzailea da eta, aldi berean, erabat lotzen duena; ez baitu uzten edozein modutan jokatzen. Ez da nolanahikoa, baina merezi du. Zerk mugitzen nau eguneroko bizitzan? Noraino nago prest?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude