Hustasunaren gainean diharduen artikulu bitxi bezain deigarri baten berri ematen digu Teresa Guardansek (La verdad del silencio, 69-85. or). Aipatu artikulua Hermès argitalpenean agertu zen eta, berorretan, Geneviève Lanfranchi autore frantsesaren berri emateaz gainera, bere egunerokoaren 1939. eta 1951. urte bitarteko testuren batzuk atxikitzen ditu. Guardans-en ustetan, testuak harrigarriak ziren oso, zeharo hunkigarriak. Lanfranchik “ezagutua”ren muga zeharkatuta, mugaz haraindi joan eta “Zalantza handirantz” egin zuen.
Dena den, testu honen lekukotasun ederraz gain, ezer gutxi, ezer ez esateagatik, zekien Lanfranchiri buruz: zein ote zen emakume hura?, bizirik ote zegoen orduan? eta non aurki liteke bere eguneroko osoa?… Jakinmin handia, galdera ikur ugari, baina arrastorik ez, batere ez, harik eta Frantziako Liburutegi Nazionalean gordetako bere 298 orrialde mekanografiatuak aurkituak izan ziren arte. Aipatu idazki horietan, 4ºZ 673 kodifikaziokoan, Lanfranchiren egunerokoa zegoen, izengoiti batez sinatua, eta 1955. urtean artxibaturik. Horren kopia bat eskatu zuen Teresa Guardansek eta, testu horretan oinarriturik, zabaldurik zeuden zalantza edo galdera horiei erantzunak aurkituz joan zen. Hasteko eta behin, emakume ezezagun hori nor zen jakin ahal izan zuen. 1912. urtean jaio eta 1986.ean hil zen. Beauvis Institutuan irakasle izan zen urte luzez eta 1948.ean Bergsonen metodoa. Exigentzia espirituala izenburupeko bere doktoretza tesia aurkeztu zuen Sorbonan. Bere egunerokoan, besteak beste, zera ikus daiteke, 1939.eko urtarriletik 1951. eko abendura arte zer-nolako esfortzu edo eginahalak egin zituen “metamorfosi bergsondarra” hezurmamitze aldera eta, horren bitartez, egoz harago legokeen bizitzari heldu eta, hartara, kontzientzia berri batera iritsita, eta mundua bera bilakatuz bere burua, mundua ulertu. Hau guztiau lortze aldera, bere bizitza bera eraldatze espiritualerako froga-eremu bilakatu zuen Lanfranchik, betiere hasierako oinarri ateoetatik abiatuta, eta frogaturik ezin zen guztia, esperientziatik ernatu eta berorretara berriz ere bueltatuko ez zen guzti-guztia erauzita.
Bere “bizitzarako bidea” izan zen horren berri izateaz gain, besteentzako, besteei zabaltzeko moduko metodo bat ere aurki daiteke bere egunerokoan. Izan ere, Lanfranchi guztiz sinetsita zegoen eraldaketa horretarako gizakiaren baitan bazeudela nolabaiteko gaitasun unibertsalak, batere ohikoa ez den errealitatearen esperientzia izateko. Egoari atxiki-atxikirik egoteagatik norbera eta bere gaitasunak giltzaperatzen dituzten mugak goitik behera eraistea da aurreneko helburua. Hori metodo bikoitz baten bidez lortuko du: batetik, “auskultazio kualitatiboa” deituko duen horrekin eta, bestetik, “kanpoaldeko espazioarekin bat egitea” deituko duen horrekin.
“Auskultazio kualitatiboa” egoaren gotortasuna disolbatzeari dago hertsiki lotuta. Hori barneratzea buru-argitsu batez lortu ahal izango da, oinarririk gabeko norbere pertsonaren garrantziaren iruzurra aurkituz, norbere jokoen lekuko inpartzial bilakatuz. “Kanpoaldeko gunearekin bat egitea” aldiz, norbera eta kanpoaldeko muga lausotzeari dago lotuta. Bigarren hau, esango digu, irudimen handiz baino ez da lortu ahal izango, pertzepzio, ulermen eta sentimena barne hartuko dituen irudimen eta ahalegin handiz.
Metodo eta prozesu horren ondorioz bizitakoari izen bat jartzen ahalegintzen denean, “Hustasunaren” irudiaren hautua egin behar du, gainezka egiten duen Hustasuna, bere esanetan, den-dena barne biltzen duen Gaua, hondorik gabeko Hondoa, non Espazioak eta Hustasunak bat egiten duten bete-betean: “Heldulekurik ez, ez sentikorrik, ez mentalik, ez borondatezkorik. Ezereza. Ez egin beste ezeren alde. Nire maitasun sentibera, kartsu eta sakona biluzik dagoen jainko horri eskaini (1948.eko maiatzak 8 idatzia bere Egunerokoan). Gerora, 1951.eko martxoak 19, beste honako honexekin egingo dugu topo: “Horretan” guztiz zentraturik, nire hautuaren azken emaitzak ondo onarturik. Atzera antzean egiten duen eta une oro aurrera egitera behartzen duen muga horretara buru belarri neure burua entregaturik. Lokarri guztiak moztu ditut, baina Ezerezak Formarik Gabekoan aurrera egiten duenean ez dago hondoratzerik, ez dago bertigorik. Ustekabeko askatasuna baino ez”.
Bere inguru gertukoen artean zer pentsaturik eman zuten bere jarrerak, bere adierazpenek, ondo eman ere. Atea omen zen Lanfranchi prozesu honen guztionen hasieran. Baina, gerora ere, ez dira erraz ulertzeko ere bere ateismoaz edo teismoaz zioena. Berak berorrek bere jarreraz trufa egiten zuela, zera esango zuen behin baino gehiagotan:
“Ateoa naizela aitortzen dut, eta egia da, errotik gainera. Baina bizi izandakoaren berri eman nahi izaten dudanetan, zein da darabildan irudia?, zein? Jainko jeloskor eta maitekor baten Espazioa. Nola izan liteke, bestela? Izan ere, irudi bat baino ez da, eta jeloskor atributua eratxikita zera baino ez dut jakitera eman nahi, ez dudala beste ezer maite, ez gutiziatzen. Eta orduan, espero izatekoa litzatekeenez, ez naizela ateoa, ez eta arrazionalista ere, esaten didate nire lagunek” (1986.ean grabatutako elkarrizketan).
Honen harira, Guardansek zera esango digu: “Sinestunak itxaronaldi moduan ulertzen duen hori, Jainkoaren ekimenez eraginda, ateoa, aldiz, norbere borondatezko saialdi eta ekiteen ondorioa den arakatzea eta aurkikuntza izango da, nahiz-eta, ziur asko, elkarren oso gertukoak diren uretara ailegatu, betierekotasunaren itsasora, alegia”. Lanfranchik itxarote edo ez-itxarote horri dagokionean, azkenik zera ere esango du: “Nola edo hala, nik neuk ere itxaroten dudala esan dezaket, nahiz-eta bakar-bakarrik zentzu batean baden… Izan ere, ni Hori baldin banaiz, kontua ez da zain egotea, baizik eta bilatzea. Baina bilatzea diodanean neure burua bere betean prozesu horretara eskaintzea adierazi nahi dut, betiere itxaropen batekin” (1986.eko elkarrizketa).
Lanfranchiren egunerokoaren ateismoaren igurtzia oso bitxia da, agian bere ekarpenik handiena. Konbentzimendu guztizko esperientzien berri ematen digu: ikusmenezkoak, gardentasun gozokoak, norbere esfortzuan oinarrituak. Ez dago dohainik, ez graziarik, norberaren ahalegina baino ez, esango digu berak, norberaren izatearen eraldaketa errotikoaren ondorioa izan dena baino ez.
Maisurik gabe, autoritaterik gabe, erlijio-tradiziorik gabe, norberaren barne ibilbidea baino ez den horren bitartez soil-soilik, “Muga” deituko duen horretara ailegatzea badagoela aitortuko digu Lanfranchik. Amaitze alderako azken hausnarketa gisa, zera esango nuke nik: Gure fede tradiziotik Jainkoa eta Berarekiko guztiak ulertzen baditugu ere, finean misterio izaera izateari sekulan utziko ez dion Jainko horrek ez al dihardu misteriotsuki ere, eta gurean modu batean bada, besteenean ez al da beste modu batez izango?, edota, areago, Lanfranchiren “norbere esfortzu” delakoa bera ezin liteke norbanakoari eragindako Grazia izan?
0 Comments