Eguzki hitza, eki edo ekhi iparraldean, egun, hitzarekin lotu behar dugu eta eguzki-argia dago bere oinarrian. Urtean zehar, mundua mundu denetik, besteak beste, eguzkiari adi egon da gizadia lurreko bizibidean. Eguzkia, lau urtarotan da garrantzitsua baina euskal kulturan udaren hasierako eguzkiak ohitura asko sortu dizkigu herritarren artean. Izan ere, udako solstizioan, eguna luzatzen hasten da eta jazoera horren inguruan kristau aurreko zein osteko ospakizun ugari aipa ditzakegu. Oraingoan, besteak beste, Gorbeialdeko ohitura zahar bati ekingo diogu, hots, San Juan egunsentia Gorbeiako gurutzerik hara ikusteari. Ohitura hau oso zaharra da Gorbeialdean. Batzuk, eguna argitu orduko joaten dira Gorbeiako gurutzera eta beste batzuk, bezperatik igonda bertan ematen dute gaua. Bitzuen helburua, San Juan egunsentiko lehenengo eguzki izpiak ikustea da, laino, lainabehera edo hodeirik egon ezik. Eta nondik ikusi? ba, aiko; Gorbeiako gurutzetik Anbotorantz begiratuz gero, Alluitz eta Zorrotza bitartean dagoen “Paso del diablo” izeneko haitz gainetik ikusten dira San Juan egunsentiko lehenengo eguzki-argi izpiak. Udari “egun on” esan eta ortozik belartzako ihintzean oinak bustitzen dira osasunerako ona omen delako. San Juan eguneko eguzki argiarekin batera ura edatea edo eta uraz garbitzea dugu osasun bideko beste ohitura bat. Jagon ditzagun euskal usadio zaharrak etorkizunean!
0 Comments