Izenburua: VICTIMAS INVISIBLES. Usos y abusos de la verdad , la justicia y la reparación de las víctimas de la violencia política a la luz de la lucha antiterrorista contra ETA.
Egilea: Jon-Mirena Landa Gorostiza
Argitaletxea: Tirant Lo Blanch
Gaztelerazko izenburu luzeak (halaxe agertzen da liburuaren azalean) ezin hobeto laburbiltzen du liburu honen mamia eta eduki nagusia. Nik ezaugarri hauekin laburbilduko neuke, niregan eragin dauana kontuan hartuta:
- Liburu AUSARTA da. Izan ere, azken urteetan (eta bereziki azkenaldian , azken Udal Hauteskudeen harira) ez da batere erosoa Landak planteatzen duena defendatzea, diskurtso nagusiak eta politikoki zuzenak defendatzen duena ikusita. Eta hau bai Madrilen eta bai Euskal Herrian bertan.
- Liburu BEHARREZKOA da Aurrekoaren haritik, nik uste dut gero eta zailagoa bihurtzen ari zela / dela iraganeko diskurtso bateragarriak eta gutxieneko adostasunarekin planteatzea. Bagenekien ezinezkoa zela (edo oso zaila, behintzat) diskurtso bakarra adostea, baina azkenaldian gero eta zailagoa zen sektore batzuetako bestelako diskurtso alternatiboa planteatzea. Liburu honek, seguruenik, hauspoa eta nolabaiteko legitimitatea eskaini ahal izango dio bestelako diskurtso horri.
- Liburu SAKONA, LANDUA da. Nabaritzen dira egilearen jakituria, prestakuntza eta eskarmentua bere zeregin publikoetan. Ez dugu ahaztu behar Ibarretxe lehendakariaren garaian Giza Eskubideetako zuzendaria izan zela. Sakontasun honek eskatzen dio irakurleari ere gutxieneko ezagutza. Izan ere, ugariak dira legegizon modura egiten dituen hausnarketa berezituak, eta ugariak eta luzeak dira liburuan txertatzen diren aipuak, liburua osatzeko erabili duen bibliografia bezain sakona. Honek zaildu egin lezake une batzuetan irakurketa. Baina liburuak harrapatu egiten zaitu eta, hori gertatu ezkero, oztopoak eta trabak gainditu egiten dira. Gainera, ez da ezinbestekoa aipu guztiak irakurtzea. Ildo honetatik, irakurle-mota ezberdinak onartzen ditu liburuak: hiritar interesatutik hasita legegizon aditura heldu arte.
- ITXAROPENERAKO bideairekitzen du. Liburuan nagusi da biktimen tratu ezberdinaren aurreko kritika zorrotza, baina ate bat irekitzen dio etorkizuna itxaropentsuari. Etorkizun horri begira, aitortzarako eta egiarako judizioz kanpoko mekanismoak baliatzeko aukera planteatze du Estatuaren biktimekiko, legedi autonomiko berria (EAE eta Nafarroa) eta Estatuko Memoria Demokratikoaren Lege berriak irekitako ikuspegiak kontuan hartuta. Eta justizia penalaren, biktima-justiziaren eta justizia leheneratzailearen arteko balizko inplikazioak planteatzen dira, biktimen kategorien arteko diskriminazioen aurrean etorkizun bidezkoagoa izateko bide gisa.
0 Comments