HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 1

Ordua etorri zenean, Jesus mahaian jarri zen apostoluekin eta esan zien: «Banuen gogoa, sufritu aurretik pazko-afari hau zuekin egiteko. Hara zer diotsuedan: ez dut gehiago Pazkoa ospatuko, hau Jainkoaren erreinuan bere betera iritsi arte». Eta edalontzi bat hartu, esker onezko otoitza egin eta esan zuen: «Hartzazue eta banatu zeuen artean. Hara zer diotsuedan: ez dut gaurdanik gehiago ardo honetatik edango, Jainkoaren erreinua iritsi arte». Gero, ogia hartu eta, esker onezko otoitza eginez, zatitu eta eman zien, esanez: «Hau nire Gorputza da, zuentzat emango dena. Egizue hau nire oroigarri». Afal ondoan gauza bera egin zuen edalontziarekin, esanez: «Edalontzi hau itun berria da, zuentzat isuriko den nire Odolaz ezarria».

Lukas 22, 14-20.

Maitasunetik jaiotzen den mugarik gabeko zerbitzua, baldintzarik gabekoa.

Nork eskaintzen du bere burua besteenganako maitasunetik ez bada?

Jesusek egiten duena Jaunaren ametsaren islada da. Errukiak eta maitasunak zeharkatzen duen ametsa.

Jesusek erakusten digu goitik jasotzen dugun maitasuna beheko eta gure eguneroko bizitzara jaitsi behar dela, Jainkoa eta beragandik jasotako hainbeste maitasun, gure eguneroko keinu eta bizitzaren erdian jarriz. Bakarrik benetazko maitasunak ematen du ausardia arriskuetatik haratago joateko. Bakarrik benetazko maitasunak ahalbidetzen du bizitza eskaintzea besteei bizitza emateko.

Egun honek gonbidapen garbia dakarkigu: anaitasun eta errukiaren ospakizunaren mahaia elkarbanatzea, gure bihotza zabaltzea beste askori maitasunaren pozan sar daitezen, denok sar gaitezen.

Baina ez dugu ahaztu behar honek ere bere errealismo dosia ekarriko duela, sufrimendua, kezka, bakardadea, isiltasuna. Hau da, misterio honek gogorarazten digu maitasunarengatik eta bizitzaren egoerengatik zauriak jaso ditzakegula, baina ez garela inoiz bakarrik egongo. Jainkoa beti dago eta egongo da gure bizitzetan.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude