HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Maiatzak 30

Aldi hartan, Pedrok esan zion Jesusi: «Hara, guk dena utzi dugu, zuri jarraitzeko». Jesusek erantzun: «Benetan diotsuet: Nigatik eta Berri Onagatik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak uzten dituenak, orain, mundu honetan, ehun halako hartuko du: etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur, erasoaldiekin batera; eta gero, datorren munduan, betiko bizia. Orain lehenengo diren asko azkeneko izango dira, eta orain azkeneko direnak lehenengo».

Markos 10, 28-31.

Ze zaila egiten zaigun askotan Jesusen lojika ulertzea gure pentsamoldeetatik!

Jesusen mezuak dimentsio berri batera garamatza, lotzen ez gaituena gure zentzumen edo adimen mugatura, lege eta gizarte barneko arauetara, gure emozio eta interesetara, sari eta gure buruaren aitortza bilaketara…

Argi dago Jesusen maitasunezko erreinua eraikitzeko gonbidapenean, berak ez duela nahi guk baztertuta uztea gure senide, ama, aita, seme-alabak… baizik eta unibertsaltasunari begira, mugagabeko maitasunezko munduan murgilduta bizitzera gonbidatzen gaitu. Aske eta umil, bera bezala.

Jesusen berri onak eraldatu egiten gaitu erraietatik. Baina bakar-bakarrik gure barrutik zintzo dei horri baiezkoa eman nahi badiogu bihotzez. Eta honela, bai ulertuko dugu zer den azkenak lehentasun bihurtzea. Prest al gaude?

Emaiguzu Jauna gure loturetatik aske bizitzeko aukera zure maitasunezko erreinuaren partaide leial izateko. Eta honela zoriontasunaren eta maitasunaren “ehun halako” jasotzea zer den ulertuko dugu.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude