HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Maiatzak 29

Garai hartan, Jesusen gurutzearen ondoan zeuden haren ama, amaren ahizpa, Maria Kleofasen emaztea eta Maria Magdalena. Jesusek, bere ama eta, honen ondoan, maite zuen ikaslea ikusirik, esan zion amari: «Emakume, horra hor zeure semea!». Gero, ikasleari esan zion: «Horra hor zeure ama!». Eta orduz gero ikasleak bere etxean hartu zuen. Ondoren, Jesusek, dena betea zela jakinik, Liburu Santuak esana erabat bete zedin, esan zuen: «Egarri naiz!». Bazen han ozpinez betetako pitxar bat. Orduan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, ezpainetara hurbildu zioten. Ozpina hartu zuenean, Jesusek esan zuen: «Bete da dena!». Eta, burua makurtuz, azken arnasa eman zuen. Pazko-jairako prestaketa-eguna zen, eta juduek ez zuten nahi larunbatean gorpuak gurutzean gelditzerik, larunbat hura oso jaiegun handia baitzen. Horregatik, gurutziltzatuei berna-hezurrak hautsi eta handik kentzeko eskatu zioten Pilatori. Joan ziren, bada, gudariak eta berna-hezurrak hautsi zizkieten Jesusekin gurutziltzatutako biei; baina, Jesusengana iritsi zirenean, ordurako hilik zegoela ikusirik, ez zioten berna-hezurrik hautsi, baizik eta gudari batek lantzaz saihetsa zulatu zion, eta bat-batean odola eta ura atera ziren.

Joan 19, 25-34.

Gurutzea sufrimendua da. Baina Jesus gurutzean, maitasunaren adierazpenik gorena da.

Bera hangoen atentzioaren erdigunean zegoen eta bidezkoa eta ulergarria izango zen Jesus beregan pentsatzen egotea bakarrik… nahiko lan!

Hala ere, Jesus besteei begira agertzen zaigu, besteengatik kezkatuta. Ez du ama bakarrik utzi nahi. Honez gain, Idatziak bete daitezen, beste hainbat keinu ere bidaltzen ditu. Maitasunezko keinuak.

Jesusek gurutzea onartu zuen, Aitaren nahia onartu, Aitarengan zuen konfiantzak egoera gida zezala onartu. Haur txikiek gurasoekin daudenean erabateko konfiantza agertzen dutenean bezala, nahiz eta egoera arriskutsuetan egon.

Baina bere-berea duen gizakiekiko maitasuna erraietaraino sartua duenez, sufrimenduan ere, eredugarri agertzen zaigu. Maitasun iturri agortezina.

Eska dezagun grazia bere begirada errukiorra eta amaigabeko maitasunera hurbil gaitezen. Kontenpla dezagun Jesus lasaitasunez eta utzi gu kutsatzen.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude