Gurutzearen ondoan (Jn 19, 25-27)

2023 Mai 29
Jesus gurutzean dago, Jauna,
heriotzatik hurbil jadanik,
eta bere ondoan,
gurutze errukigabearen azpian,
gutxi batzuk,
emakumeak, batez ere,
Jesusen ama, besteak beste.

Gehien‑gehienek Jesus bakarrik utzi dute:
Aurreko egunetan oihuka goratzen zutenek,
porrotaren eraginez,
irain eta iseka egiten diote orain;
eta urteetan berarekin ibilitakoak,
bihotzeko adiskideak,
beldurrez,
urrunetik begira daude.
Gutxi batzuek bakarrik diraute
gurutzearen azpian
lotsa gaindituta,
beldurretik adorea aterata,
porrotari maitasunez aurre egiten.

Mila bider entzun dugu, Jauna,
eszena honetan Jesusen ama
Elizaren irudia dela;
eta hala bada, mezua argi dago:
bai Eliza eta bai haren seme‑alabok ere
gurutzearen ondoan egon behar gara,
gurutziltzatuei laguntzen,
lotsa‑beldurrak maitasunez gaindituta:
“Hor duzu alaba, hor semea; hortxe duzu ama”.

Mila esker, Jauna,
gaur egun ere Jesusen ondoan egoteko
ematen dizkiguzun aukerengatik;
mila esker,
arrakastarik bilatu gabe
zapaldua zainduz jarraibidea eskaintzen diguten
emakume horiengatik;
mila esker,
aurkitu nahi bazaitugu,
itxurazko porrotak eta benetako lotsak baztertuta,
non egon behar garen gogorarazteagatik.

Lagun iezaguzu
gaurko gurutziltzatuetan Jesus ezagutzen,
eman adorea
lotsak eta beldurrak gora‑behera,
mundu guztiaren aurrean
haren ondoan –haien ondoan— agertzeko;
eman argia
benetako maitasuna,
Jesusek irakatsi ziguna,
zeuk agertzen diguzuna,
gurutzearen ondoan dagoela ulertzeko.
Horrela Jesusek, agian,
gutaz esango dizu:
“Horra hor zure seme‑alabak”.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude