HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 27

Aldi hartan, Pedrok, itzuli eta Jesusek maite zuen ikaslea ondoren zetorrela ikusi zuen, afarikoan, Jesusen bular gainean jarririk, «Jauna, nor da salduko zaituena?», galdetu ziona. Hura ikusi zuenean, bada, Pedrok galdetu zion Jesusi: «Jauna, eta hori zer?». Jesusek erantzun zion: «Ni itzuli arte hori gelditzea nahi baldin badut, zuri zer? Zuk jarraitu niri». Hitz hauek zirela eta, ikasle hura hilko ez zelako zurrumurrua sortu zen senideen artean. Jesusek, ordea, ez zion esan ez zela hilko, beste hau baizik: «Ni itzuli arte hori gelditzea nahi baldin badut, zuri zer?». Ikasle huraxe da gauza hauez guztiez testigantza egiten duena eta idatzi dituena, eta badakigu egiazkoa dela haren testigantza. Beste gauza asko ere egin zuen Jesusek. Guztiak bananbanan bilduko balira, nik uste, mundu osoan ere ez liratekeela sartuko idatz litezkeen liburuak.

Joan 21, 20-25.

Gaurko pasarte ebanjelikotik, deigarriena iruditu zaidan esaldia honako hau izan da: «Ikasle huraxe da gauza hauez guztiez testigantza egiten duena eta idatzi duena». Gu ere Jesusen ikasle garenez, gure bizitzarekin, gure hitz eta ekintzekin, gaur ere, Jesus Berpiztuaren Ebanjelioa idaztera eta aditzera ematera deituak gara. Gaur egungo gizartearentzat Ebanjelio Bizia izatea da kristauon bokazioa. Gure gizarteak behar asko ditu beteta eta ongizate handia du, baina Misterioa, Transzendentzia eta errealitate Sakratua falta zaizkio. Non aurkituko ditu horiek? Pertsona mistikoen bizitzetan alegia. Horregatik mistikoak izatera deitzen gaitu Jesusek. Asisko San Frantziskok esan zuen bezala, “Kontuz ibili zure bizitzarekin, agian askok irakurriko duten Ebanjelio bakarra izango baita”.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude