HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 26
Jesusek, ikasleei agertu eta haiekin gosaldu ondoren, esan zion Simon Pedrori: «Simon, Joanen semea, hauek baino maiteago al nauzu?». Hark erantzun: «Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala». Jesusek, orduan: «Bazka itzazu nire bildotsak». Bigarrenez galdetu zion Jesusek: «Simon, Joanen semea, maite al nauzu?». Hark erantzun: «Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala». Jesusek, orduan: «Zaindu itzazu nire ardiak». Hirugarrenez galdetu zion Jesusek: «Simon, Joanen semea, maite al nauzu?». Pedro goibeldu egin zen maite al zuen hirugarrenez galdetu ziolako, eta erantzun zion: «Jauna, Zuk dena dakizu; Zuk badakizu maite zaitudala». Orduan, Jesusek esan zion: «Bazka itzazu nire ardiak. Bene-benetan diotsut: gazteago zinenean, zeuk lotzen zenuen gerrikoa eta nahi zenuen tokira joaten zinen; zahartzean, ordea, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko dizu gerrikoa eta nahi izango ez duzun tokira eramango zaitu». Horrela, zer-nolako heriotzaz Jainkoari aintza emango zion adierazi zuen Jesusek. Ondoren, esan zion: «Jarraitu niri».
Joan 21, 15-19.
Testu ebanjeliko honetan autoritateak Elizan duen oinarria aurkitzen dugu. Eta zein da oinarri hori? Jesus Berpiztuarenganako maitasuna. Kristau elkartean, Jesusenganako maitasunean oinarritzen ez den autoritatea balio ez duen autoritatea da. Zer gertatzen zaio eliz-agintari mundutar bati, Jesusenganako maitasunik gabeko eliz-agintari bati? Izan ere, hiru gauza gerta dakizkioke:
1.- Autoritarismoan erortzea, boterearen bizioan, zerbitzuaren bertutearen ordez.
2.- Arduragabekerian erortzea, utzikeriaren akatsean, eginbidearen bertutearen ordez.
3.- Nortasun-gabezian erortzea, funtsik ezaren akatsean, ahalaren bertutearen ordez.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments