HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 25

Aldi hartan, Jesusek begiak zerura jaso eta honela egin zuen otoitz: «Aita santu hori, ez dut erregutzen hauen alde bakarrik, baita hauen hitzaren bidez nigan sinetsiko dutenen alde ere. Egizu denak bat izan daitezela. Aita, Zu nirekin eta Ni zurekin biok bat garen bezala, hauek ere bat izan daitezela gurekin, munduak sinets dezan Zuk bidali nauzula. Zuk eman zenidan aintza bera eman diet Nik, bat izan daitezen, Gu biok bat garen bezala: Ni hauekin bat eta Zu nirekin bat. Horrela guztiz bat izango dira, eta munduak ezagutu ahal izango du Zuk bidali nauzula eta Ni maitatu nauzun bezala maitatu dituzula hauek ere. Aita, Zuk eman dizkidazunak Ni nagoen tokian nirekin egotea nahi dut, nire aintza, mundua izan baino lehen maite izan nauzulako eman didazun aintza, ikus dezaten. Aita zuzen hori, munduak ez zaitu ezagutu; Nik, ordea, ezagutu zaitut, eta hauek jakin dute Zuk bidali nauzula. Jakinarazi diet zure izena, eta aurrerantzean ere jakinaraziko, Zuk niri didazun maitasuna hauengan izan dadin, eta Ni ere hauengan izan nadin».

Joan 17, 20-26.

 “Aita, Zu nirekin eta Ni zurekin biok bat garen bezala, hauek ere bat izan daitezela gurekin, munduak sinets dezan Zuk bidali nauzula.” Kristauen arteko batasunik eta elkartasunik gabe, ebanjelizazioa ezinezkoa da. Kristautasuna ez dela uniformea hasieratik dakigu, Biblian ez baitugu ebanjelio bakarra aurkitzen, lau baizik. Baina kristautasuna uniformea ez dela esateak ez du esan nahi kristautasun ezberdinak daudela. Kristau elkartean erlatibismoaren eta uniformetasunaren tentazioak baztertu behar ditugu indar berdinez. Kristau fedea forma anitzeko errealitate bakarra da, ez errealitate desberdin asko. San Agustinek esan zuen bezala: “In dubiis libertas, in necessariis unitas, in omnia caritas”, hau da, zalantzan askatasuna, beharrezkoak diren gauzetan batasuna, guztian karitatea.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude