HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 24
Aldi hartan, Jesusek begiak zerura jaso eta honela egin zuen otoitz: «Aita santu horrek, zaindu itzazu zeure ahalmenaz Zeuk eman dizkidazunok, bat izan daitezen Gu Geu bat garen bezala. Hauekin izan naizen bitartean, Nik zaindu ditut zeure izenean eman dizkidazunok. Hauen ardura izan dut eta ez da bat ere galdu, galdu behar zuena baizik; horrela, Liburu Santuek diotena bete da. Orain, ordea, zugana noa. Oraindik munduan nagoela esaten dut hau guztia, nire poza berengan izan dezaten, eta bete-betea izan dezaten. Zure hitza eman diet Nik; baina munduak gorroto die, mundukoak ez direlako, Ni ere mundukoa ez naizen bezala. Ez dizut eskatzen hauek mundutik ateratzeko, Gaiztoagandik gordetzeko baizik. Ez dira mundukoak, Ni ere mundukoa ez naizen bezala. Sagara itzazu egiaren bidez; zure hitza da egia. Ni mundura bidali ninduzun bezala, Nik ere mundura bidali ditut. Eta hauengatik sagaratzen dizut neure burua, hauek ere sagara ditzazun egiaren bidez».
Joan 17, 11b-19.
“Ez dira mundukoak, Ni ere mundukoa ez naizen bezala” dio gaurko Ebanjelioaren txataletako batek. Askotan entzun dugu kristauok munduan egon behar dugula mundukoak izan gabe. Zer esan nahi du mundukoak ez izateak? Testuinguru kultural inmanentista, naturalista eta ekologista honetan, mundukoak ez garela esatea iraingarria eta lizuna izan daiteke askorentzat. Baina, hain zuzen ere, mundukoa ez izateak munduari haraindikoa zaion errealitate bat aitortzea esan nahi du, munduari ezin irudika dakiozkeen balioa eta duintasuna ematen diona alegia. Chesterton idazlearen esaldi batek ongi azaltzen du hau: “Ken ezazue naturaz gaindikoa, eta ez duzue aurkituko naturala, naturaren kontrakoa baizik”
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Laudato si eta denonan den etxearen zaintza.