HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 23

Aldi hartan, Jesusek begiak zerura jaso eta esan zuen: «Aita, iritsi da ordua. Ager ezazu zeure Semearen aintza, Semeak zure aintza ager dezan. Gizon-emakume guztien gain aginpidea eman diozunez gero, betiko bizia eman diezaiela Zuk berari emandakoei. Hau da betiko bizia: Zu, egiazko Jainko bakar hori, eta Zuk bidalitako Jesus Mesias ezagutzea. Nik zure aintza agertu dut munduan, Zuk eman zenidan egitekoa betez. Orain, Aita, emadazu aintza zeure ondoan, eman mundua mundu izan baino lehen zure ondoan nuen aintza. Agertu diet zure izena mundutik bereizi eta eman zenizkidan gizon-emakumeei. Zeureak zenituen, Zuk niri eman zenizkidan, eta haiek onartu dute zure hitza. Badakite orain Zuk eman didazun guztia zugandik datorrela. Zuk niri eman zenizkidan hitzak eman dizkiet Nik, eta hauek onartu dituzte. Eta benetan jakin dute zugandik atera nintzela, eta sinetsi Zuk bidali ninduzula. Hauen alde erregutzen dizut; ez dut munduaren alde erregutzen, Zuk eman dizkidazunon alde baizik, zureak direlako. Bai, dudan guztia zurea da eta Zuk duzuna nirea, eta hauengan agertu da nire aintza. Ez naiz aurrerantzean munduan egongo; hauek, bai, munduan jarraituko dute. Ni, berriz, zugana noa».

Joan 17, 1-11a.

Pertsonak Egiaren, Ongiaren eta Edertasunaren nahiarekin sortuak izan gara gure bihotzaren sakonenean. Bizitza ederra, ona eta egiazkoa bizi nahi dugu. Non dago nahi dugun bizitza hori? Jainkoaren bizitza erakusten digun Jesusen bizitzan aurkitzen dugu gure gose eta egarria hasetuko dituzten janari eta edaria. Horregatik dio gaurko Ebanjelioak: “Hau da betiko bizia: Zu, egiazko Jainko bakar hori, eta Zuk bidalitako Jesus Mesias ezagutzea”. Kristautasuna ez da dogmen zerrenda bat, ez arauen zerrenda bat, ez erritoen zerrenda bat. Kristautasuna bizimodu bat da, Kristorengan errebelatzen den Jainkoaren Bizitzak inspiratutako eta itxuratutako bizimodu bat.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Kristautasuna bizimodu bat da…

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude