HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 21
Aldi hartan, Hamaika ikasleak Galileara joan ziren, Jesusek adierazi zien mendira. Ikusi zutenean, gurtu egin zuten; batzuk, ordea, zalantzan zeuden. Jesus, hurbildurik, honela mintzatu zitzaien: «Aginpide osoa eman dit Jainkoak zeru-lurretan. Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz, eta Nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz. Eta Ni zeuekin izango nauzue egunero munduaren azkena arte».
Mateo 28, 16-20.
Pelikula guztietako azken fotogramaren antza du testu honek: amaiera letra larriz pantaila erraldoian.
Hala ere, amaiera hau bitxia da, hasiera baita, hots, amairik gabeko hasiera.
Amaiera: gure artean, Nazareteko Jesus gehiagorik ez egotea Galileako geografian.
Hasiera: historiako Galilea barrenean, mendiko topaketan, Jesusi entzundako berri onaren (zoriontasunen) lekukoak izatea mundu guztian zehar.
Azken bi mila urteko ibilbideari erreparatuz, ematen du ez dela erraza hasiera hori zertan den ulertzea. Ikasleen zalantza ulergarria eta susmagarria da.
Ez da konkista baten hasiera. Ez da sinesgabeen kontra egitea. Ez da inperio bat jasotzea. Ez da zibilizazio baten arrakasta historikoak defenditzea.
Mostaza alea eta legamia bezala giza historiako gatza eta argia izanez, Aitama izendaezinak Jesusengan erakutsi duen borondatearen zerbitzari bihurtzea da amairik gabeko hasiera honen gakoa. Aitamaren Espirituak agintzen digu zerbitzu horretan Jesus lagun izango dugula: Jesus gurekin izango da munduaren azkena arte soilik zerbitzu hori betetzeko, ez gure arrakasten ametsak lortzeko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments