HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 20

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Egi-egiaz diotsuet: Aitari zerbait nire izenean eskatzen badiozue, emango dizue. Orain arte ez diozue ezer eskatu nire izenean. Eskatu eta hartuko duzue, zuen poza bete-betea izan dadin. Orain arte irudi bidez hitz egin dizuet; baina badator ordua irudi bidez hitz egingo ez dizuedana, baizik eta argi eta garbi emango dizuet Aitaren berri. Egun hartan nire izenean eskatuko duzue, eta ez dizuet esaten Nik Aitari zuen alde eskatuko diodala; zeren Aitak berak maite baitzaituzte, zuek Ni maite izan nauzuelako eta Jainkoagandik etorri naizela sinetsi duzuelako. Aitagandik irten eta mundura etorri nintzen; orain mundua utzi eta Aitagana noa berriro».

Joan 16, 23b-18.

Atzoko irakurgaian ikusi genuen zertan datzan zoriontasuna; gaurkoan, berriz, begiratuko diogu eskuratzeko bideari.  

Ematen du testu honek poz bete-betea lortzeko errezeta magikoa eskaintzen digula: besterik gabe, Jesusen Aitamari eskatu eta kitto.

Baina, beti baina bat!, badago baldintza bat, ñabardura xume eta oso esanguratsu bat: “nire izenean eskatzen badiozue”.

Zer da Jesusen izenean eskatzea?

Beharbada, galdera horri erantzuteko, badago lorratz bat testuan bertan: Jesus maitatzea.

Baina (berriro) ulertu dezagun ondo. Jesus gure interesen zerbitzuan jartzea maitasun usteldua izango litzateke, maitasun interesatua. Askatasunezko maitasuna, berriz, askatzailea da eta bizitza guztia maitasunaren dinamikan txertatzea eskatzen du. Hau da, Jesusen izenean eskatzeak badakar gure bizitza lerrokatzea Jesusek maitatzen zuenarekin.

Beste modu batean esanda, Jesusen bizitza gidatu zuen Espiritua eskatzen badugu, Jainko Aitamak emango digula ziurtatzen digu Jesusek. Eskaera hori oso arriskutsua da. Joanen komunitateak trasmititzen digu Jainkoak eskaera horri beti erantzuten diola eta horrekin batera biziaren betetasuna, hots, poz bete-betea datorrela.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude