HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 18

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Denbora gutxi barru ez nauzue ikusiko, baina handik gutxira ikusiko nauzue berriro». Ikasleetako batzuek hau zioten elkarren artean: «Zer ote da esaten digun hau: “Denbora gutxi barru ez nauzue ikusiko, baina handik gutxira ikusiko nauzue berriro”, eta “Aitagana noa”? Zer esan nahi ote du horrako “gutxi barru” horrekin? Ez diogu antzik ere ematen zertaz ari den». Konturatu zen Jesus galdegin nahi ziotela, eta esan zien: «Eztabaidan ari zarete zeuen artean esan dizuedan honetaz: “Denbora gutxi barru ez nauzue ikusiko, baina handik gutxira ikusiko nauzue berriro”. Egi-egiaz diotsuet: Negar egingo duzue eta aieneka egongo zarete; mundua, berriz, poztu egingo da. Zuek triste egongo zarete; baina zuen tristura poz bilakatuko da».

Joan 16, 16-20.

“Zer ote da esaten diguna?”

Agidanez, giza historia kontraesankorrean, Joanen komunitatekideek ulertu zuten Jesusen hitza ez zela erosoa, ez zela erraz ulertzekoa: kontrako eztarrian geratu zitzaien (geratzen zaigu).

Eskarmentu latzean, Joanen komunitateak fedearen pazkoko dinamika bereganatu zuen. Baten batek espero lezake fedearen argitan gauza guztiak argitzea. Testu honen arabera eta kristau fedeak utzi dizkigun lekukoen arabera, ez da hori fedearen zeregina eta ondorioa. Kristau fedea ez da heltzen (ontzen) argitasunean eta arrakastan. Jainkoaren erregetzako balioak baztertzen dituen kulturan, kristau fedeak urradurak eta nekeak dakartza, eta hori ez dago oso boladan gure artean: gari alea ez bada hiltzen ezin du fruiturik eman.

Tentsio izugarria dago kristau fedean. Susmagarria da tentsio hori galtzen duen fedea: gatza gezatua izango ote da?

Baina, kontuan izan, alferrik da tentsio horri gure indarrez eta kabuz soilik eustea. Joanen komunitateak, bere eskarmentuan oinarrituta, zoriontasun kontrakulturalerako gakoa ematen digu.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude